Lehendakariak Arabako Unibertsitate Ospitaleko Zerbitzu Orokorren Eraikin berriaren obrak bisitatu ditu

Obrak 2017ko martxoan hasi ziren, 50 milioi euroko inbertsioarekin, eta 2020 urtearen amaieran bukatzea aurreikusita dago

Urtean 135.000 arabar baino gehiago artatuko dituzte eraikin berri horretan, eta egunero 50 paziente ingururi ebakuntza egingo diote beren ebakuntza-gela berrietan

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria Iñigo Urkullu gaur goizean izan da, Osasun sailburu Nekane Murgarekin, Osakidetzako Zuzendari nagusi Juan Luis Diegorekin eta Osasun Saileko, Osakidetzako eta Arabako ESIko hainbat ordezkarirekin batera, Arabako ESIko AUO Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren Eraikin berriaren obrak bisitatzen.

Lehenik eta behin, lan-bilera bat egin dute, eta, bertan, AUOko Plan Zuzentzailearen Proiektu Taldeko arduradunek Lehendakariari jakinarazi diote unitate berrien banaketa eta ekipamenduak, asistentzia-zirkuituak, arreta emango zaien pazienteak eta proiektu honetan txertatutako berrikuntza teknologikoak.

Ondoren, Lehendakariak instalazioak bisitatu ditu, zehazki, Zainketa Intentsiboetako Unitatea. Horrek banakako 31 box ditu, horietako 6 isolamendukoak, hiru modulutan banatuta, eta urtean 2.000 paziente inguru artatuko ditu.

Bisitaren ondoren, Lehendakariak adierazi duenez, "Araban ematen den osasun-zerbitzu publikoa nabarmen hobetuko du eraikin berriak, eta eraikin berriak izango dituen eremu berriak irekitzeak hobekuntza asistentzial garrantzitsua ekarriko du, arabarrei arreta hobea eskaintzea ahalbidetuko baitu, eta, horren ondorioz, pertsonen segurtasuna, eraginkortasuna eta erosotasuna nabarmen hobetuko dira, paziente zein profesionalentzat".

Eraikin berriaren zerbitzuak

Zerbitzu Orokorren Eraikin berriak 25.000 metro koadro baino gehiago ditu eraikita, sei solairutan banatuta:

  • -2. soto solairua: Arropa zuriaren biltegia (arropa zuria banatzeko ekipo automatizatuekin) eta Esterilizazio-unitate berria.
  • -1. soto solairua: Pediatriako Larrialdiak eta Larrialdi Orokorrak, harrera eta onarpen komunarekin eta itxaron-gela desberdinekin.
    • Pediatriako Larrialdiak: 4 kontsulta, egonkortze-gela, prozedura-gela eta pediatriako larrialdietako 14 behaketa-postu.
    • Larrialdi Orokorrak: Egonkortze-gela, prozedura-gela, 12 kontsulta, 39 box, 24 orduko behaketa-unitatea banakako 16 gelekin eta erradiologiako 2 ekipo.
    • Larrialdietako Unitatea (112).
  • 0 behe-solairua: Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU), banakako 31 box dituena, horietako 6 isolamendukoak, hiru modulutan banatuta. Bigarren fasean, Zainketa intentsiboetako unitate berri horri erantsitako eremua birmoldatuko da, eta Zainketa Ertainetako Unitate berria kokatuko da bertan; 20 ohe izango ditu banakako gelan.
  • 1. solairua:
    • Bloke Obstetrikoa: 7 EELU (Erditzeko eta Errekuperatzeko Lan Unitatea), dilatazioa eta berehalako puerperioa garatuko dira bertan; Obstetriziako eta Ginekologiako 2 ebakuntza-gela, 2 kontsulta eta erditze aurreko monitorizazioko 9 postu.
    • Jaioberrien Unitatea, 20 sehaskaz hornitua, horietako 14 bitarteko zaintzakoak eta 6 zainketa intentsiboetakoak.
    • Pediatriako Bitarteko Zainketen Unitatea, banakako 4 box dituena, monitorizazioa eta zainketa bereziak behar dituzten pazienteei arreta emateko.
  • 2. solairua: Bloke kirurgikoa, 19 ebakuntza-gelarekin: 16 ebakuntza-gela estandar, 4 unitatetan banatuta (kirurgia programatua eta urgentea) eta 3 ebakuntza-gela handiago kirurgia robotikorako, Neurokirurgia teknologia hibridoarekin (OTA eta angiografia baskularreko ekipoa dituena) eta Kirurgia baskularra (angiografia baskularreko ekipoa duena). Kirurgia Handi Anbulatorioko ebakuntzak AUO Santiagoko kirurgia-blokean egiten jarraituko da.
  • 3. solairua: Instalazio-solairua eta ospitaleko informatika-zentroa.

Lehendakariaren hitzetan, "urtez urte, Arabako osasun-sistema hobetu dugu, eta, gaur iragarri dugun bezala, egiten jarraituko dugu arabarrek nahi duten eta merezi duten ospitalea lortzeko; ospitale moderno bat, erantzun eraginkorra, ekitatiboa eta kalitatezkoa emateko". Horren harira, AUOren handitze eta birmoldatze proiektuaren barruan azken bost urte hauetan egindako lanak ekarri ditu gogora.

Ekipamendu berrietan etengabeko inbertsioa

Lehendakariaren hitzetan, "urtez urte, Arabako osasun-sistema hobetu dugu, eta, gaur iragarri dugun bezala, egiten jarraituko dugu arabarrek nahi duten eta merezi duten ospitalea lortzeko; ospitale moderno bat, erantzun eraginkorra, ekitatiboa eta kalitatezkoa emateko". Horren harira, AUOren handitze eta birmoldatze proiektuaren barruan azken bost urte hauetan egindako lanak ekarri ditu gogora.

Hala, AUO Txagorritxun, 2013ko azaroan jarri zen martxan Kanpoko Kontsulten Eraikina, eta 2016ko urrian abiarazi ziren Eguneko Ospitale Medikoak eta Onko-Hematologikoak, Odol Banku berria eta Bihotzeko Errehabilitazio Unitatea. AUO Santiagon ere martxan jarri zen Zentro Oftalmologikoa 2016ko apirilean, Eguneko Ospitale Kirurgikoa 2016ko ekainean eta Errehabilitazio Zerbitzua 2017ko martxoan.

Lehen Mailako Arretan, Kanpezuko Osasun Zentro berria 2017ko uztailean ireki zen, eta joan den irailean Murgian Osasun Zentro berria eraikitzeko obrak hasi ziren.

AUO handitzeko eta birmoldatzeko proiektu horretan, ekipo berriak jarri ziren martxan, hala nola AUO Santiagoko eskanerra 2016ko urtarrilean, eta erresonantzia magnetikoko ekipoa 2017an AUOko Kanpo-kontsultetan. Gainera, 2018ko otsailean, AUO Txagorritxuri azken belaunaldiko eskaner bat edo OTA (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala) bat eman zitzaion, tomosintesia duen zuzeneko mamografo digital bat eta zuzeneko erradiologia digitaleko gela bat Larrialdietako Zerbitzuan. Azken belaunaldiko gailu horiei, AUO Txagorritxun uztailean instalatutako azeleragailu lineal berria gehitu behar zaie.

Iñigo Urkullu Lehendakariak nabarmendu duenez, "gure konpromisoa da ekipamendu berrietan inbertitzen jarraitzea, euskal gizarteari osasun-emaitza hobeak eta Osakidetzako profesionalei beren lana egiteko teknologiarik aurreratuena bermatzeko".

Lehendakariak azpimarratu duenez, "osasun-azpiegitura berri hau irekitzeak Eusko Jaurlaritzak hasitako modernizazio- eta berregituratze-prozesuan maila bat gehiago igotzea dakar, euskal herritarren osasuna hobetzea ekarriko duen kalitatezko arreta integrala bermatzeko".