MINA, MOSELEYREN ARABERA

Orain dela zenbait urte, Lorimer Moseley fisioterapeuta eta ikertzaile australiarrak agerian utzi zuen, neurozientziak ekarritako ezagutzak kontuan hartuta, min kronikoaren tratamendu klinikoa eguneratzeko premia zegoela. Hona hemen haren gogoetak.

Lehen begiratuan, mina zerbait sinple dela ematen du. Hatza mailuarekin joz gero, min ematen du. Hori eta horrelako beste esperientzia batzuk ulertzen errazak dira egiturazko patologia- eredu baten bidez, non jakintzat ematen den minak ehunen egoeraren berri zehatza adierazten digula. Hala ere, gertuagotik aztertuta, minaren sentipena askoz ere konplexuagoa da, klinikan egunero ikusi ahal dugun bezala, batez ere min kronikoa hartzen badugu kontuan. Lau gako funtsezko daude ikuspuntu hori hobeto ulertzeko:

Minak ez du adierazten ehunak nola dauden
Urtean, kontrol-atearen teoria proposatu zuten, animaliek estimulu kaltegarriei hainbat modutan erantzuten dietela azaltzeko. Teoria horrek dio estimulu kaltegarrien sarrera bizkarrezur-muinean modulatzen dutela bai periferiatik sartzen diren eta kaltegarriak ez diren beste estimulu batzuek, bai goiko zentroetatik beherantz sartzen direnek.

Teoria horri jarraiki, hainbat esperimentu egin zituzten, animaliekin lehenik, eta gizakiekin gero. Esperimentu horiek erakutsi zuten  minaren indizearen eta nozizeptoreen aktibazioaren arteko lotura aldagarria dela, hau da, ez dagoela lotura isomorfikorik minaren eta ehunen egoeraren artean. Kontrara, lotura hori aldagarria da, eta faktore askok modulatua.

Mina eremu somatiko, psikologiko eta sozialeko faktore askok modulatzen dute
Faktore somatiko, psikologiko eta sozialek mina modulatzen dutelako ebidentzia anekdotikoa garrantzitsua da; adibidez, istorio asko daude kirolarekin eta gerrarekin lotuta. Hala ere, hainbat esperimentutako emaitzek baieztatu egiten dute ebidentzia anekdotikoa. Hona hemen beste faktore batzuk, estimulu estandar batek eragindako mina modulatzen dutenak nozizeptoreen aktibitatea areagotuta: bitarteko inflamatorioak, ehunen tenperatura igotzea eta odol-fluxua gutxitzea.

Askotan, estimulu kaltegarri baten testuinguru psikologikoa manipulatzen duten esperimentuek argi eta garbi erakusten dute testuinguru horrek eragina duela mina sentitzeko moduan. Espektatibak ondorio aldakorrak ditu minari dagokionez: minaren sentipena handitu edo jaitsi egin daiteke, estimulu zehatz batek mina eragingo digula edo ez digula eragingo pentsatuz gero. Espektatibak eragin handia dauka analgesiaren plazebo-efektuan.

Minarekiko arretak, antsietateak eta espektatibak dituzten ondorioen ezaugarri komuna badirudi minari berari eransten diogun esanahia dela. Adibidez, minaren interpretazio katastrofikoak minaren indize handiagoekin lotzen dira. Edo hanka zuzen altxatuta (Lasègueren maniobra) nerbioak zenbaterainoko distentsioa izan dezakeen aztertzen ari garela pentsatzeak min handiagoa eragiten du, muskuluaren distentsioa aztertzen ari garela pentsatzeak baino.

Estimulu kaltegarri baten testuinguru sozialak ere badu eragina estimulu horrek sortzen duen minari dagokionez. Iniziazio-jarduerak eta sexu-jarduera sadomasokistak testuinguru sozialak duen garrantziaren bi adibide ditugu.

Minak zenbat eta gehiago iraun, orduan eta lotura gutxiago ehunen egoeraren eta minaren beraren artean
Nerbio-sistema dinamikoa da. Horrek esan nahi du konexio neuronalak aldatu egiten direla aktibitateari erantzuteko orduan. Min kronikoaren kasuetan, informazio nozizeptiboaren transmisio-bideen sentsibilizazioa gertatzen da, eta horrek hiperalgesia (estimulu mingarriak are mingarriagoak gertatzen dira) eta alodinia (lehen mingarriak ez ziren estimuluak mingarriak egiten dira) eragiten ditu.

Mina iraunkorra denean, gertatzen diren aldaketetako bat da kortex sentsorial primarioan aldatu egiten dela gorputzeko leku minduaren irudikapen propiozeptiboa. Horrek ondorioak izan ditzake kontrol motorrari dagokionez, burmuinak irudikapen horiek erabiltzen baititu mugimendua planifikatzeko eta egiteko. Badaude ebidentziak erakusten dutenak kortexeko irudikapenean izaten diren aldaketak min kronikoarekin lotuta gertatzen direla, eta oso litekeena da aldaketa horiek arazoaren parte izatea.

Minaren kontzeptualizazioa, ehuna arriskuan dagoelako pertzepzio inplizitu modura

Neuromatrizaren teoria dugu gaurko egunean gero eta onarpen handiagoa duten paradigmetako bat. Teoria horren arabera, mina da, organismoak ehuna mehatxatuta dagoela sumatzen duenean, nerbio-sistema zentralak ematen duen erantzun bat. Horrenbestez, mehatxuaren pertzepzio inplizituak zehazten ditu ondorioak (mina), eta ez ehunen egoerak, ezta ehunen benetako mehatxuak ere.

Jarduera klinikoan horrek duen eragina
Minak ehunen egoera ez azaltzeak, baizik eta mina ehunak babesteko pertzepzioa izateak ondorioak ditu jarduera klinikoan. Horietako bat hauxe da: arrazoibide klinikoa gaur egunean minaren biologiari buruz dakigun horretan oinarritzeak eskatzen du  medikuaren gaitasun eta ezagutza anatomia eta biomekanikakoak baino zabalagoak izatea. Hau da, klinikoak ondo ezagutu behar ditu diagnostiko-tresnak, ehunen dinamika, orbaintze eta birmoldatzea, sentsibilizazio periferikoa eta zentrala, eta gorputzeko ehunak mehatxatuta daudelako pertzepzioari eragiten dioten faktore psikologiko eta sozialak, kontuan hartuta faktore horietako bakoitzak zer eragin izan dezakeen mehatxu horren pertzepzioan.

Pazienteei, halaber, lagundu egin behar zaie beren gaixotasun eta minaren arrazoibideak antzeko informazio batean oinarritzen. Hori garrantzitsua da; izan ere, pazienteei minaren gaur egungo biologia erakusteak minaren inguruko usteak eta sinesteak aldatzea dakar, baita, min horrekin lotutako eginkizunetan, minaren atalasea handitzea, eta ezintasuna gutxitzea ere.