Minbiziaren Kontrako Espainiako Elkartearen Arabako ordezkaritzak tokiko ikerketaren aldeko apustua egin du, Bioaraba, Araba ESIko Osasun Ikerketako Institutuarekin elkarlanean

Patxi Ormazabal Arabako aecc-ko presidentearekin hitz egin dugu, pazienteak, senideak, boluntarioak eta profesionalak biltzen dituen elkarte horrek prebentzioan, sentsibilizazioan eta laguntzan egiten duen lana gertutik ezagutzeko asmoarekin. Elkarteak, halaber, ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzen ditu eta horiei esker minbiziaren diagnostikoa eta tratamendua hobetu daitezke.

Zeintzuk dira buru zaituen Arabako elkartearen jarduera-lerro nagusiak?

Minbizia da, egun, aurrean dugun arazo sozio-sanitariorik handiena, eta haren intzidentzia onkologoek aurreikusi baino gehiago ari da handitzen. Hala ere, bizirik irauten dutenen eta sendatzen direnen kopurua ere gora egiten ari da, eta hori albiste ona da.

Gure elkartean erronka batzuk jarri dizkiogu geure buruari, lau urteko iraupena izango duen plan estrategiko baten barruan:

  • Arreta psikosoziala eskaintzen diegu paziente zein senideei. Zentzu horretan, gure erronka da 2020ra bitartean onuradunen kopurua hirukoiztea, profesional eta boluntario gehiagorekin.

Erronka hori erdiesteko, «LEHEN INPAKTUA» programa funtsezkoa izango da, prozesu onko-hematologiko batean dauden pertsona guztiengana hurbilduko baikaitu, hasiera-hasieratik.

  • Ikerketari esker, bizitzak aurrera egiten du eta minbiziak, berriz, atzera. Horregatik, ikerketarik onenak finantzatzen jarraitzeko egiten dugun esfortzua areagotuko dugu. Horretarako, gizarte guztia erakarri nahi dugu, zientzialarietatik hasi eta enpresetaraino.
  • Prebentzioa ere ezinbestekoa da. Bizi-ohitura osasungarriekin, tumoreen erdiak ere ez lirateke agertuko. Horretarako, txikienekin egin behar dugu lan, murrizketa hori datozen 30 urteotan lortzeko. Herritarren artean bizi-ohitura osasungarriak zabaltzen saiatuko gara, behar bezala jan dezaten, ariketa fisikoa egin dezaten, erre ez dezaten, alkoholik edan ez dezaten eta, eguzkia hartzerakoan, babesa erabil dezaten eta ematen diren gomendio egokiak bete ditzaten. Helduen prebentzioa ahaztu gabe, noski: bizi-ohitura osasungarriak sustatzen jarraituz eta screening-kanpainetan parte hartzeak duen garrantzia azpimarratuz. Kanpaina horietako batzuk martxan dira dagoeneko gure probintzian; esaterako, bularreko minbizia eta, duela gutxiagokoa, kolonekoa detektatzeko.

Gaurtik 2020ra bitartean, minbiziaren kontrako aliantzak eta elkartzeko espazio komunak sustatzen dituen erakunde egituratzailea izan nahi dugu.

Minbiziak geure lurraldean duen egoerari buruzko erradiografia bat egin al genezake?

Gaur egun, minbiziak gizon gehiagori eragiten dio, emakumeekin alderatuta, eta minbizi mota ohikoenak hauek dira: bularrekoa, biriketakoa, kolonekoa eta prostatakoa. Gero eta kasu gehiago diagnostikatzen dira, teknika diagnostikoen hobekuntzari eta biztanleriaren zahartzeari esker, besteak beste, baina aipatu behar da pazienteen bizitza ere luzatu egin dela. Hori dela eta, badugu itxaropena etorkizunean gaixotasun hau guztiz desagerrarazteko.

Nola baloratzen duzu Arabako minbizi-gaixoen eta horien senideen bizi-kalitatea?

Oro gar, uste dut pazienteek zein senideek bizi-kalitate ona dutela. Tratamenduen albo-ondorioen, minbiziak eragindako narriadura progresiboaren eta horren eragin psikosozialen ondorioz, besteak beste, bizi-kalitate horrek okerrera egiten du nabarmen, baina osasun-zerbitzuetako lantaldeak prest daude arazo horiei aurre egiteko. Guk, aecc-tik, erakunde publikoek egindako lan hori osatu nahi dugu, eta horixe bera da, hain zuzen, gure helburua: pazientearen eta bere ingurukoen bizi-kalitatea hobetzea.

Horretarako, lan horretan buru-belarri diharduen lantalde profesional bat dugu. Oso garrantzitsua da senideak ere kontuan izatea, batik bat zaintzaile nagusia. Gaixoaren zainketarako oinarrizko pieza bat da, eta beren sufrimenduaz ere arduratu behar dugu.

Zer bilatzen dute minbiziak eragindako pertsonek elkartera joaten direnean?

Gaixotasun onko-hematologiko baten lehen diagnostikoa jaso eta gero, oro har, pertsonek ez dute oso argi izaten zer duten aurrean, eta zalantza ugari izaten dituzte etorkizunari buruz: ez dakite zehazki zeintzuk diren orain edo etorkizunean izango dituzten beharrak, eta ezin dute eskari argirik egin.

Beste pertsona batzuek laguntza psikosoziala eskatzen dute: tramiteak egiteko laguntza (bajak, ezintasuna, minusbaliotasuna, etab), materialaren alokairua, laguntza psikologikoa edo boluntario baten laguntza. Gainera, gure zerbitzuen berri izan nahi dute, gaixo dauden bitartean edo ondoren horien beharrik izango duten jakiteko.

Eta ezin ditugu ahaztu osasun-arloko profesionalek gugana bidaltzen dituzten pertsona guztiak. Nabarmentzekoa da antzeko eskari kopurua jasotzen dugula paziente zein senideengandik.

Zer behar ditu gaur egun Arabako aecc-k?

Arabako azpiegiturak hobetzeko beharra geneukan, baina arazo hori berehala konponduko da, 2018ko lehen hiruhilekorako prest izatea espero dugun egoitza berriarekin. Hari esker, pazienteei eta senideei laguntza emateko gaitasun handiagoa izango dugu.

Orain, gure helburua da gaixotasun hau sufritzen ari diren pertsona guztiek (pazienteek eta senideek) aecc-k eskura dituen zerbitzu guztiak ezagutzea, horien bidez ematen baitzaie gaixotasunari aurre egiteko berehalako babes integrala. Araban «Lehen Inpaktua» programa ezartzea lagungarria izan daiteke helburu hori betetzeko.

Boluntarioen papera ezinbestekoa da aecc-n, zer boluntario mota daude eta zer izan behar du pertsona batek boluntario izateko?

Bi boluntario mota ditugu: Batetik, boluntario asistentzialak. Horien egitekoa da gaixotasuna duten pertsonekin eta horien senideekin egotea, AUO Txagorritxuko egoitzan laguntza emanez (Eguneko Ospitalea, Kontsultak, Erradioterapia, bai eta gelan ere, arratsaldez eta eskatuz gero). Baita etxean eta egoitzetan ere, espresuki eskatzen duenean paziente onko-hematologikoak, senide batek edo pazienteaz arduratzen diren osasun-lantaldeko kide batek.

Bestalde, boluntario ez asistentzialak ere baditugu. Horien zeregina da osasunari buruzko mezuak zabaltzea prebentzio-kanpainen bidez eta ikerketarako funtsak biltzea baliabideak eskuratzeko ekitaldietan lagunduz (adibidez, Minbiziaren aurkako III. Martxa, loteria saltzea, kalean dirua eskatzea...). Gainera, aecc-ri laguntza ematen diote zenbait jarduera aurrera eramateko.

Baldintza hauek bete behar dituzte boluntarioek: adinez nagusia izatea (adingabeek beren tutoreak sinatutako baimena aurkeztu behar dute) eta, batik bat, laguntzeko grina izatea eta beren denboraren zati bat gure erakundeari laguntzen erabiltzeko eta gizartearen aldeko elkarlanean aritzeko prest egotea. Lehen elkarrizketa batean bere espektatibak, denbora librea eta egoera pertsonala zeintzuk diren galdetzen diegu, eta gurekin egin ditzaketen jardueren proposamena egiten zaie. Gainera, aecc-ko boluntarioek prestakuntza espezifikoa jasotzen dute etengabe gure profesionalen eskutik, egin behar duten lana hobetzeko.

Zenbait baheketa-programa ditugu martxan lehen mailako zentroetan minbizia hautemateko, irizpide bateratuekin (kolona, bularra, umetoki-lepoa). Gizartea benetan dago kontzientziatua minbiziaren detekzio goiztiarraren probak egiteko beharraren inguruan? Zer neurritan da garrantzitsua detekzio goiztiarra eta prebentzioa?

Kontuan izan behar da bi prebentzio mota desberdin daudela: Minbiziaren intzidentzia murrizteko lehen mailako prebentzioa oso garrantzitsua da, minbizien % 50 inguru saihestu baitaitezke, bizi-ohitura osasungarriago batzuk hartuz. Horren inguruko kontzientziazioa egiten jarraitzeko, aecc-n baditugu programa batzuk martxan, adibidez, «Zure osasuna da garrantzitsuena» edo «Ekin minbiziaren kontra» izenekoak. Lehenengoaren bidez enpresengana jotzen dugu, eta prebentzioari eta detekzio goiztiarrari buruzko mezuak helarazten dizkiegu hilero. Bigarrena, berriz, 10 eta 13 urte arteko ikasleei zuzenduta dago. Informazio-kanpainak ere antolatzen ditugu, esate baterako «Eguzki-prebentzioa» edo «Tabakorik gabeko Munduko Eguna», Osakidetzarekin elkarlanean.

Bigarren mailako prebentzioaren helburua da tumore gaizto jakin batzuen detekzio goiztiarra egitea, baheketen bidez. Oso garrantzitsua da hori; izan ere, minbizia hastapenetan dagoenean hautematen bada txikiagoa da hiltzeko arriskua, eta aplikatu beharreko tratamenduak sinpleagoak eta eraginkorragoak dira. Euskadin oso lan txukuna egiten da baheketa-programei dagokienez, haien xede diren biztanleen %100era iristen baitira ia. Hala eta guztiz ere, kontzientziazioarekin aurrera jarraitu beharra dago, mundu guztia ez delako probetara joaten, eta programa horiek biziak salba ditzaketelako. Horretarako kanpaina batzuk ere baditugu: «Zure bizitza salba dezaket» izenekoa, kolon eta ondesteko minbiziaren kontrakoa, eta «Bularreko Minbiziaren kontrako Eguna», besteak beste

Ikerketaren bidez lortuko da minbizia prebenitu, sendatu edo kroniko bihurtzeko moduko gaixotasuna izatea. Zer egoeratan dago gaur egun ikerketa Araban? Zer proiektu planteatzen ditu Arabako aecc-k etorkizunerako, Araba ESIrekin elkarlanean?

Gure elkarteak hartutako konpromisoarekin bat eginez, aecc-k lortzen dituen diru-sarrera guztien %18 ikerketara bideratzen dira nahitaez.

Horrez gain, lurralde-erakunde bakoitzak ezohiko aurrekontu-sailak bideratu ditzake ikerketa onkologikora. Eta norabide horretan ari gara lanean Araba ESIrekin. Horrela, iragan ekainaren 19an jardunaldi bat antolatu genuen, aecc-k minbiziaren ikerketarako ematen dituen diru-laguntzak aurkezteko.

Horren bidez, gure ikerlariak deialdietan parte hartzera animatu nahi ditugu, hala aecc-k urtero aurkezten dituen deialdietan nola langile klinikoentzako prestakuntzarako laguntzen deialdietan.

Hilkortasunak behera egin badu ere, ikusi da Euskadin %10 igo direla urtean azaleko tumoreak. Zer ari da gertatzen eta zer egin dezakegu prebenitzeko?

Azaleko minbiziren kontrako kanpainak esaten genuen bezala, «Eguzkiak aztarna ahaztezina utz dezake zure larruazalean». Kontuan izan behar da larruazalak memoria duela eta, gaur egun eguzkia hartzearen arriskuen inguruko kontzientziazioa handiagoa bada ere, duela urte batzuk ez zirela behar ziren neurriak hartzen. Horren ondorioz, azaleko tumore gehiago ditugu orain.

Gainera, eguzkia hartzeko adikzioak edo tanorexiak gora egin du, eta eguzkia hartzea patologia bihurtzen da, gehiegi egiten delako eta azalean eragina duelako. Adibidez, udan eguzki gehiegi hartu eta neguan, kolorea mantentzeko, solariumera joaten diren pertsonak. Beharrezkoa da, hortaz, gizartea kontzientziatzen jarraitzea, eguzki gehiegi hartzeak zer arrisku dituen jakin dezan eta neurri egokiak ezagut ditzan. Batik bat, badugu adin-tarte kezkagarri bat, nerabezaroa; adingabeak hondartzara eta igerilekura beren kasa joaten hasten direnean. Gainera, gogorarazi behar dugu eguzkiaren kontrako babesa egunero erabili behar dela.

Minbizia tabua al da oraindik egungo gizartean? Aldatu al da arabarrek minbiziaren aurrean duten jarrera? Uste duzu lagungarria izan daitekeela horri buruz hitz egitea, mitoak desegitea eta ezagunen artean edo komunikabideetan gaixotasunaren inguruan naturaltasunez aritzea?

Tamalez, oraindik ere minbizia hitza minarekin, sufrimenduarekin eta heriotzarekin lotzen da. Eragin handiagoa du hildako batek gaixotasuna gainditzea lortzen duten guztiek baino. Arabarrak beste lekuetako pertsonak bezalakoak dira minbiziari buruz hitz egitean, baina uste dut gaixotasun honi buruz naturaltasunez, aurreiritzi eta taburik gabe hitz egitea lagungarria izan daitekeela gaixotasuna duena horren estigmatizatuta senti ez dadin, bai eta gizarteak berak gaixotasuna beste modu batean ikus dezan. Nork ez dauka minbizia izan duen senide edo lagunen bat! Ez dago zer ezkutatu edo zer erakutsi. Izan gaitezen zentzudunak eta saia gaitezen, guztiok batera, gaixotasun hau beste edozein gaitz bezala ikusten. Alor horretan, lan handia egin behar dute komunikabideek

Bidaliko al zenieke mezu positibo bat minbizia duten pazienteei?

Jakina. Prebentzio-kanpainei, teknika diagnostikoetako aurrerakuntzei eta tratamendu gero eta pertsonalizatuagoei esker, gaixotasuna gainditzen duten pertsonen kopurua gora egiten ari da, eta luzatzen, berriz, tamalez hiltzen direnek bizirik irauten duten denbora ere. Hamabi milioi euro ikerketara bideratuko ditu aecc-k aurten, ezinbesteko alderdia baita hori tumoreak hobeto ezagutzeko eta tratamenduak fintzeko. Espero dezagun, etorkizun ez oso urrunean, minbizia iraganeko kontu bat izatea.