Nursing Now Euskadi: Erizainen ikusgarritasuna eta lidergoa Araba ESIn

Araba ESI Euskadiko Erizaintzako profesionalentzako neurri globalak diseinatzeko mugimendu horren parte da

Zer da Nursing Now?

Nursing Now hiru urteko kanpaina globala da, Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren eta Osasunaren Mundu Erakundearen artean elkarlanean egindakoa.“Triple Impact” txostenean identifikatutako aurkikuntzei erantzunez sortu zen. Dokumentu hori 2016an Britainiako Parlamentuko lantalde batek garatu zuen, hau da, Komunen Etxeak eta Lorden Etxeak.

Txosten horrek ondorioztatu zuen erizaintzaren garapenak eragin hirukoitza sortzen duela komunitatean: osasuna hobetzen du, genero berdintasuna bultzatzen du eta ekonomia sendoagoak eraikitzen laguntzen du. Agiri hori bihurtu da kanpainaren leloa, edukia eta defentsa. Horren arabera, kanpaina honen helburua da mundu mailako biztanleriaren osasuna hobetzea, erizainen eta emaginen gaitasunak eta jarduerak indartuz.

Eta Nursing Now Euskadik zer harreman du mugimendu horrekin?

Nursing Now taldeak talde sare zabala erein du munduan zehar; talde horietako bat da Nursing Now Euskadi. Osasun Sailak gidatutako taldea da, eta Euskadin kanpainetako konpromisoen zati bat hedatzea du helburu, hala nola:

  • Erizainen ikusgarritasuna indartzea maila sozialean, eta haien rola indartzea herritarrei begira.
  • Erizaintzaren lidergoa eta erabakiak hartzean duen parte-hartzea indartzea.

Araba ESIk parte hartzen al du mugimendu horretan?

Araba ESIk bi profesional ditu talde eragilean: Adolfo Delgado, Lehen Mailako Arretako medikua, eta Nerea Gutiérrez, Araba ESIko Erizaintzako zuzendaria. Biek parte hartzen dute Euskadiko Erizaintzako profesionalentzako neurri globalen diseinuan.

Bestalde, Araba ESIk ere bat egin du Nursing Now Spain munduko kanpainarekin, eta aspalditik jarri du martxan Nursing Now Euskadi-ren bi helburu horiek sustatzeko neurriak. Neurri horietako batzuk ezagunak dira jada, hala nola:

  • Erizaintzako agintarientzako lidergo- eta ebaluazio-gaitasunen eredu bat definitzea
  • Lidergo horizontala eta parte-hartzailea garatzea, BPSO Zainketan Bikaintasunarekin konprometitutako Zentroen Programaren bidez
  • Aginte berriei eta sortzen ari diren liderrei prestakuntza ematea (Asmatu Proiektua)
  • Profesionalentzako saio irekiak: lidergo-pilulak
  • Komunikabideetan agertzea, osasun-zainketei buruzko informazioa ematen
  • “Erizain Open Space 2017-2020” jardunaldi parte-hartzailea eta hausnarketakoa
  • Gasteizko Erizaintzako Unibertsitatearekin parte hartzea, graduko 3. mailako ikasleekin gure esperientzia partekatzeko, erakunde bateko erizaintzako lider gisa
  • Erizaintza Graduko 4. mailako errotatorioan Erizaintza Zuzendaritzako taldearekin praktikak egitea sartzea
  • Komunikazio-zirkuituak hobetzea
  • Etabar

Erizainen papera indartzeko baino ez da kanpaina?

Erizainena eta emaginena, baina pentsatu behar da nazioarteko kanpaina bat dela, non herrialde desberdinetako osasun lanbideen errealitateak eta antolaketak askotariko errealitateak eskaintzen dituen. Gure testuinguruan erizainak eta erizaintzako zainketetako teknikariak eskuz esku ari dira lanean, zainketa onenak eskaintzeko. Gainera, gutxi ikusten diren baina potentzial handia duten beste talde profesional batzuk ditugu, eta horregatik guztiagatik, Araba ESIn ikusgarritasuna eta lidergoa lantzen dugu horietan guztietan, posible den neurrian.

2020a Erizaintzaren urtea da, eta horrek Nursing Now-rekin zerikusia du?

2020a Erizaintzaren Urtea da, OMEk horrela erabaki zuen duela 3 urte Nursing Now mugimenduari amaiera emateko. Florence Nightingale erizaintza moderno eta zientifiko ikertzailearen sortzailearen jaiotzaren berrehungarren urteurrena da aurtengoa, eta horregatik aukeratu dute urte giltzarri gisa.

Erizaintzako profesional guztiek gidatu eta ikusarazi behar dute erizainek gizartean eta zaintzan duten eginkizuna. Hori dela eta, espero dugu helburu komunetan bat egiteko balio izatea, Araba ESIn bizitza profesionalak ematen dizkigun aukera anitzetan konpromisoz eta parte hartuz.

Besterik gabe, kanpainaren aurrerapena kontatzen jarraituko dugu, eta bere egunerokoan bisitatzen gaituzten herritarrak zaintzen laguntzen duten profesionalen papera partekatzen.