“Pazienteari eguneko 24 ordutan laguntzean datza gure lanak”

OSASUN MENTALEKO MUNDU EGUNA

 Osasun Mentaleko Mundu Eguna dela eta, Araba ESIko Psikiatriako Ume eta Gazteen Unitateko Erizaintza taldearekin hitz egin dugu

1.- Nolakoa da prozesua pazienteak diagnostikatzen direnetik unitatean tratamenduarekin hasten den arte?

Ospitaleratze unitatean sartzeko prozesua hainbat kanaletik egiten da. Batetik, AUO Santiagoko Larrialdi Zerbitzutik; bestetik, Lehen Mailako Arretako euren medikuak edo Osasun Mentaleko Sarearen barruko zein kanpoko bestelako espezialista batek bideratuta; eta azkenik, Arabako Foru Diputazioko edo Vitoria-Gasteizko Udaleko Ongizateko Foru Institutuko Umeen Sailaren bitartez ere.

Behin adin txikikoa ospitaleratuta, diziplina anitzeko lantaldeak (psikiatrak, psikologoak, erizainak, erizain laguntzaileak eta irakaslea…) datuak biltzen ditu, eta tratamendua eta zainketak doitzen eta paziente, familia edota tutoreei zuzendutako hezkuntza-baliabideak zein baliabide sozio-sanitarioak koordinatzen ditu. Alta kudeatu ondoren, Eguneko Ospitaleko Haur Psikiatriako Unitateko kanpo kontsultetara bidaltzen da.

2.- Desberdin lan egiten da adin txikiko pazienteen kasuan?

Bai. Ume eta gazteen sailean, osasun arloko prebentzioa eta sustapenari buruzko heziketa-lana lehenesten da. Horretarako, norbanako zein talde mailako esku-hartzeak egiten dira, eta euren egunerokotasunean dituzten edo izan ditzaketen zailtasunak gainditzeko lagungarriak izan daitezkeen normalizazio, errutina eta ohiturak azpimarratzen dira.

Adin txikikoak, gurasoak eta tutoreak prozesuaren parte dira, eta eurek denek jasaten dute estres maila handia, hortaz, diziplina anitzeko lantaldeak oso aintzat hartu behar du hori une oro. Ildo horretan, eredu paternalistatik urruntzen den terapia harreman bat ezarri behar du, marko legal eta etiko egoki batean oinarritutakoa. Halaber, oso aintzat hartu behar du esku-hartze orok guraso eta tutoreen onarpen eta baimena behar dituela, beti ere zainketa eta tratamenduetan ikuspegi holistiko bat lehenetsita, eta adin txikikoaren adin biologiko eta mentala kontuan hartuta.

Gainera, adin txikikoen kasuan, are beharrezkoagoa da gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu juridikoak familiarekin, hezitzaileekin eta elkarteekin koordinatzea, eta beharrezkoa da ere inplikatutako eragile eta baliabide desberdinen arteko koordinazio hori kontu handiz gauzatzea.

3.- Zeintzuk dira artatzen dituzuen patologia nagusiak?

Gehien eman ohi dena nerabe aurrekoen patologia da. Adin tarte horretan jokabide asaldurak nagusitzen dira (ihesaldiak, toxikoen kontsumoa, auto-heteroagresibitatea…). Hala ere, espektro autistaren patologien desorekak edo garapenaren nahasmendu orokortuak oso ohikoak izaten dira, eta neurri txikiagoan bada ere, afektibitate-kuadroak, kuadro psikotikoak edota elikadura-jokabide nahasmenduak ere. 

4.- Zer eginkizun dauzka erizaintzak unitate honetan?

Erizaintzak eginkizun desberdinak ditu:

  • Heziketa eginkizun bat barne hartzen duen eginkizun asistentzial huts bat, eta horrez gain, baliabide eta zainketen eginkizun kudeatzaile-koordinatzaile bat ere, familia edota harrera-zentroetako tutore edo begiraleekiko koordinaketa eta lankidetza etengabean oinarritzen dena.
  • Irakaskuntza eginkizun bat ere badu, espezialitatea ez duten profesionalei eta etorkizuneko graduko profesionalei edo Osasun Mentaleko espezialitateko erizaintzako egoiliarrei zuzendutakoa. Langileek irakaskuntza-gaitasuna bermatzeko beharrezkoa duten etengabeko prestakuntza ahaztu gabe.
  • Eginkizun ikertzaile bat ere, unitatean ezarritako ikerketa desberdinetan laguntzeko, eta zainketan bikaintasuna lortzeko.

5.- Nolakoa da egun bat unitatean?

Eguneroko gure lanaren ezaugarri nagusia laguntza da. Hogeita lau orduko laguntza horrek barne hartzen ditu laguntza, artapena, heziketa eta Maslow Piramideko beharrizan guztien garapenaren sustapena, beti ere pazientearen adinaren arabera eta oso aintzat hartuta mugitzen ari garen osasun-eremua.

Horrela bada, gure ekintza guztiek eguneroko bizitzako jarduerak normalizatzea dute helburu, eta horretarako hainbat lantresna baliatzen ditugu: osasun-hezkuntza, ohitura higieniko dietetikoen hezkuntza (elikadura, higienea, janztea, loa eta abar) , gaixotasunaren jabekuntzaren inguruko psikohezkuntza, eta paziente eta familiei zuzendutako itsaspen terapeutikoa.

6.- TDAH edo Arreta-Defizitaren eta Hiperaktibitatearen Nahasmendua duten ume gero eta gehiagoren berri dugu. Kopurua handitzen ari da?

Ospitaleratutako pazienteen kasuan, ez da horrelakorik antzematen. Hala ere, inoiz, TDAHren ondorioak jasaten dituen kasuren bat ikusi dugu, diagnostikatu gabe, edo kontsultan tratatua, edo paziente helduengan emandakoa.

7.- Bullying-ak eta eskola-jazarpenek TDAH kasuak areagotzea ekarri dute? Zer egin beharko litzateke ikasgelatan kasu horiek detektatu eta saihesteko?

TDAHrekin bezala, herritarren sentsibilizazioari esker eta adin txikikoaren garapenaren maila guztietan duen eraginagatik diagnostikatzen da bulling-a gehien bat. Horregatik, gaiari eremu sozio-sanitario batetik heltzea helburu duten hainbat esku-hartze protokolo prestatu dira gaur egun. Edozein adin txikikok jasan dezake eskola-jazarpena, eta denok izan beharko genuke horretaz konsziente. Zantzuak identifikatzen eta maneiatzen trebatu beharko ginateke. Hortaz, ezinbestekoa da jabetzea, behatzea, adi egotea, inoiz ez epaitzea adin txikiko batek une zehatz batean transmititzen diguna, berau aintzat hartzea, emozioen adierazpena aztertzea, eta kasu bat identifikatzekotan, komunikatzea eta egoki bideratzea.

8.- Familiak etxean oso paper garrantzitsua jokatzen du. Nola prestatzen dituzue, nola egiten duzue haiekin lan tratamenduak eragina izan dezan?

Eskarmentuak erakusten digu inoiz ez dugula adin txikikoaren jatorria saihestu behar, ezta familia desegituratuenetan ere. Familia da adin txikikoaren inguruko ardatz nagusia, nahiz eta oso desegituratuak dauden familiak ikusten ditugun, kontziente gara atxikimendua kontuan hartu behar dugula, ezarritako lotura zein duten jatorria eta esku-hartze osoa egokitu familiarantz (gaixotasunari buruzko psikohezkuntza, sintoma, tratamendua, trebetasun soziala, toxikoen kontsumoari aurrea hartu) norbanako moduan. Eguneroko harremana da eta jarraitua, entzumenari, enpatiari, hezkuntzari, aurrez aurreko aholkularitzari edo-eta telefono bidezkoari lehentasuna ematen zaiona.

9.-  Psikoterapiarekin ere lan egiten duzue; Zertan datza zuon lana? Zein emaitza lortzen dira?

Sutherlandek esango luke moduan “ psikoterapiatzat hartzen dut profesional batekin ezartzen den harreman pertsonal bat, zeinekin antsietate edo estutasunak parteka daitezkeen eta zeinekin arazoen izaera sakona azter daitekeen”.

Esan daiteke, buru osasuneko erizaintza taldea  unitatean ari dela uneoro lanean pazientearekin komunikazio eta harreman terapeutikoa bultzatzeko , sartzen denetik alta lortzen duen arte,  zenbaitetan esku-hartze zehatzagoak eginez, batez ere, emozioak azaleratzearen aprendizaiarekin, asertibitatearekin, trebetasun sozialekin erlazionaturikoak, zein erlaxazio tekniken entrenamenduarekin (onura handiak dituena eta osasun sistemarentzat koste baxua dituena).

Bestalde, diziplina anitzeko taldea  bakoitza bere alorretik saiatzen da pazienteak dituen alderdi defizitarioak hobetzen laguntzen. Ikuspuntu honetatik,  jokabidezko programa indibializatuak egiten saiatzen dira laguntza konduktual positibo bidez, batez ere, jokabide alterazio larriak dituzten pazienteekin.

Adierazgarria da zein portzentaje altua dagoen pazienteengan, frustrazio tolerantzia-muga ezdeusa duena, emozioen kudeaketarako zailtasun handiak dituena, baloreen ezezagutua handia duena, ongia zein gaizkiaren inguruan, edo-eta mugekiko dituzten erantzun ezkorrak. Egoera honek hausnar erazten gaitu egungo gizartearen balio eta ezaugarrien inguruan, zeinetan adinekoak zein adingabekoak islatuak ikusten garen, kontsumismoa, leiharkotasuna nagusitzen den gizartea, edozein desioaren asebetetzearen zain egoteko tolerantzia ezdeusa duena.

Horrexegatik, lehentasunezkoa da herritarrak kontzientziatzea, sentsibilizatzea eta inplikatzea alderdi hauek saihesteko eta adin txikikoek  egin behar ez dituzten gauzak bere egiteko duten bulnerabilitatea ekiditeko. Eskarmentuak esaten digu adin txikikoen artean aldeko garapen hobea dagoela diziplina positiboago batetik jokatzen dugunean, hots, auto-estima indartzen duten jarduerak txertatzen direnean eta gabeziak urrunduta mantentzen direnean, batez ere, emozionalak direnean; izan ere, horiek isilean helduarorako garapen pertsonala oztopatu baitezakete.

Araba ESIko Haur-gazte psikiatriako erizaintza taldea
  • Ana Cristina Sánchez Martínez
  • Leire Montaña Fernández
  • Eva María Pescador Pérez
  • Lurdes Beitia Urrutia
  • Sarah Jalón Durán
  • Juan Elizondo Perez de Albeniz – Barne erizain egoiliarra
  • Noelia Panadero Velasco – Barne erizain egoiliarra
  • Silvia Aránzazu Hernández León – Gainbegiralea