TALDEKAKO INTERBENTZIO-PROGRAMA MIGRAÑA DUTEN PAZIENTEENGAN

Ezgaitasuna sorrarazten duen nahasmendu neurologikoa da migraina, eta, oro har, prebalentzia handia du populazioan (%12); kostu zuzenak eta zeharkakoak ere ez dira nolanahikoak, eta pazienteen bizi-kalitatean kalte handia eragiten du. Lehen Mailako Atentzioan eta Neurologian kontsulta asko izaten dira.

Urteetan, migrainaren fisiopatologiaren gaineko teoria asko izan dira, hainbesterainoko ezintasuna sorrarazten duen minaren mekanismoak nolabait azaltzeko: joera genetikotik hasi eta Wolfen teoria baskularrera, teoria neurogenikora eta sistema trigemino-baskularraren aktibaziora. Hala ere, alde batera utzita migraina tratatzeko azken urteetako aurrerapenak eta terapia-kopuru ikaragarria, zinez iraukorra da, eta ezintasun izugarria eragiten du oraindik. Gainera, azterketa batean datorrenez, migraina duen jendearen %90 inguru ez dago pozik gaur egun duen tratamenduarekin.

San Martingo osasun-zentroan, taldekako interbentzio-programa bat prestatzen ari dira joan deneko lau urtean, neurozientziak minaren alorrean garatu dituen ekarpenetan oinarrituta. Arturo Goicoechea doktoreak jaso zituen ekarpen horiek —urte askoan Santiagoko Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko Atal Burua izana— “Migraña, una pesadilla cerebral” liburuan. Goicoechea doktoreaz gainera, beste hauek ari dira jardueran parte hartzen: Iñaki Aguirrezabal, San Martingo osasun-zentroko famili medikua; Marisol Perez de San Roman, Sansomendiko osasun-zentroko famili medikua; eta Cristina Arenaz, pazientea eta pedagogoa.

Taldekako interbentzioan —interbentzio funtsean pedagogikoa— profesionalek irakasle rola hartzen dute eta pazienteek ikasleena. Helburua zera da, liburu horretako informazioa ematea, politikoki zuzena ez bada ere profesionalek biologikoki zuzena dela deritzote eta. Informazio horretan, migrainaren inguruan urteetan iraun duten zenbait mito erortzen dira. Gaur egun, azken teknologia erabiltzen duten puntako ikerketei esker, badakigu ez direla egiazkoak; esaterako, teoria baskularra eta eragileek migraina-krisietan duten zerikusia. Zenbait kontzepturi egiten diete erreferentzia; adibidez, neurona-sareei, eboluzio biologikoari eta kulturalari, neurona ispiluei, neuronen plastikotasunari, ON-OFF neuronei, plazeboari eta nozeboari, kopia eferenteari… Horrela, aurkezpen soilak erabiltzen dira, mezuak batez ere irudiekin eta zenbait bideorekin lagunduta, kontzeptu horietako batzuk garatzeko edo azalpena oinarritzeko.

Aurreneko fase pilotuan, San Martingo talde honek 91 pazienteri egin zion interbentzioa bederatzi taldetan banatuta. Interbentzioaren aurretik, ebaluazio bat egin zuten, eta gero, telefono bidezko ebaluazioak, hirugarren, seigarren eta hamabigarren hilabeteetan. Ebaluazioetan, MIDAS eskala erabili zuten, migrainak pazienteari eragiten dion desgaitasun-gradua neurtzeko ebaluazioa egin baino hiru hilabete lehenago. Zenbait eremutan analizatzen dute haren eragina: lan orduetan, etxeko lanetan, jarduera sozialean eta familian, zenbat egunetan izaten den buruko mina eta zein intentsitaterekin. Era berean, migraina-krisietan kontsumitzen den pastilla kopurua neurtzen dute aurreko hiru hilabeteetan. Amaitzeko, galdera baten bitartez, migrainak pazientearen bizitza zenbat baldintzatzen duen ebaluatzen dute; horretarako, sei erantzun ematen dituzte aukeran: batere ez, oso gutxi, gutxi, nahikoa, asko eta bizitza guztia.

Handik hamabi hilabetera, hauek izan ziren ebaluazioaren emaitzak: MIDAS eskalaren puntuazioa %82,7 jaitsi zen; balioa edozein izanda ere, pazienteen %70ek gutxienez %50 jaitsi zuen MIDAS eskala; zefalea egunak %66,3 gutxitu ziren; analgesiko kopurua %73,5 gutxitu zen; eta, migrainaren baldintzatze graduari dagokionez, “nahikoa-asko-bizitza guztia” galderari erantzun zioten pazienteen kopurua azterketaren hasierako %78,1etik %15,4ra jaitsi zen amaieran.

Emaitzak ikusita, profesionalek pentsatu zuten saio kliniko aleatorioa egitea kontrol taldearekin, eta horretan ari dira gaur egun. Osasun-zentro hauek ari dira: San Martin, Sansomendi, Gazalbide, Lakuarriaga eta Zabalgana; eta emaitzak urtebeteren buruan izatea espero dute. Datu horiek fase pilotuan jasotakoak berresten badituzte, interbentzioa Arabako Eskualde guztiari egitea eskainiko da.

(Gehiago jakiteko, ikusi Youtuben “Desaprendiendo la migraña” bideoa; hor datoz taldeetan parte hartu duten pazienteen lekukotasunak).