Txagorritxu Ospitalearen sorrera

Araba ESIko zentruen historia eta toponimiari buruzko artikulu-sailaren bigarren emanaldia da hau. Oraingo honetan, Fernando Grandek AUO Txagorritxuren sorrera eta garapena kontatu digu.

Gizarte segurantzako Ortiz de Zarate osasun egoitza berriaren sorrera

txagoko-historia_planoa-osEuskal Autonomia Erkidegoan industriak 60ko eta 70eko hamarkadetan izan zuen bilakaera handiak demografia eta hiri-aldaketak ekarri zituen eta horrek osasun-laguntzari eragin zion. Araban, zehazki, laguntza hori bi zentrotan ematen zen: Gasteizko eta Arabako Asistentzia eta Osasun Fundazioaren Ospitalean (FASVA) –Santiago Apostol Ospitalea eta Ortiz de Zarate Osasun Egoitzan Arana auzoan kokatua, txikia eta osasun-beharrei aurre egiteko ahalmenik gabekoa. Gainera, Olagibeleko anbulatorioko kontsultak gehitu beharko lirateke (1965ean ireki zen). Arabako osasungintzan zegoen estaldura eskas hori erabakigarria izan zen Langileen Probintzia Kontseiluak eta Lan Ministerioak, Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalaren bitartez –INP– , ospitale berri eta moderno bat eraikitzea eta auzo jendetsuenetan osasun-zentroakzabaltzea proposatzeko1.

1971. urtean, hainbat kokaleku2 aztertu ziren, eta urte beraren bukaeran, osoko bilkuran, Udalak hiriaren ipar-mendebaldean, Txagorritxu auzo inauguratu berrian3, kokatutako lursail bat erostea onetsi zuen, egoitza berri bat4 eraikitzeko. Aurrerago, orube hori Estatuari eman zitzaion, xede horretarako5. 32. poligonoak guztira 100.000 m2 -tik gorako azalera zuen6; horietatik 15.000 m2 langileen Lanbide Heziketako zentro bat egiteko ziren7, beste 15.000 m2 zahar-egoitza baterako8 eta gainerako 75.000 m2-ak osasun-egoitza baterako9.

INPk 1973ko abuztuaren 28an aurkeztu zion egoitza berriaren proiektua Udalari10. Proiektu horretan, Rafael Cabello de Castro arkitekto jaunak bloke bakarreko ospitale multzo bat diseinatu zuen. Lurzatiaren mutur batean kokatzekoa zen, trafikotik urrunduta eta bere ingurumaria zuhaitzen bitartez babestuta. Egitura nagusia gurutze formako bi ardatz ortogonalek definitzen zuten. Zero kotaren gainetik zortzi solairu zituen, ospitaleratze- eta kirurgia-eremu nagusietarako, eta azpitik beste bi, gainerako zerbitzuetarako11.

1973ko irailaren 27an, Gasteizko Udaleko arkitektoak egoitza berria egiteko INPren lizentzia-eskaera onartu zuen12, eta urriaren 2ko osoko bilkuran, Udalak onarpena eman zion «Arabako Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionaleko zuzendariari, 32. zenbakiko poligonoan osasun-egoitza bat eraikitzeko»13.

Hala ere, administrazioaren jarduera geldoa14 are gehiago geldotu zen 1974ko uztailaren 26ko goizaldean, Zaramaga auzoan, butano-kamioi bat lehertzearen ondorioz. Istripuak eraikitze bidean zegoen proiektua aldatzea eragin zuen, 1975. urtean, bosgarren solairuan erreduretako unitate bat gehitzeko, baina aurrerago desagertu egin zen15.

Obra 1976ko abenduan bukatu zen16, eta 1977ko otsailean hasi zen lanean, errehabilitazio-zerbitzuarekin17. Geroago, barne-medikuntzako kanpoko kontsulten zerbitzu anbulatorioa, kardiologiakoa, arnas aparatukoa, digestio-aparatukoa, neurologiakoa eta nefrologiakoa jarri ziren martxan. Patologia kirurgikoak, kirurgia orokorra, traumatologia, otorrinolaringologia, urologia eta oftalmologia ere artatuko ziren, hala nola patologia pediatrikoa eta tokoginekologia18. Ekitaldi-aretoari dagokionez, urtarriletik fakultatiboentzako eta osasun-langileentzako konferentziak ematen hasia zen17.

Hilabete batzuk aurrerago, 1977ko urriaren 13an, amatasun, ginekologia eta pediatriako eremuak lekualdatuko zituztela iragarri zuten prentsan19. Hurrengo egunean, fakultatiboentzako, osasun-laguntzaile teknikoentzako (OLT) eta klinikako laguntzaileentzako 1977-78 ikasturte akademikoa inauguratu zen kaperan20.

Gizarte segurantzako Ortiz de Zarate osasun egoitza berriaren inaugurazioa

txagoko-historia_txagorritxu-osEgoitza berria inauguratzeko ekitaldi ofiziala 1978ko otsailaren 20an izan zen. Bertara Osasun eta Gizarte Segurantzako ministro Enrique Sánchez de León jauna eta tokiko eta probintziako agintariak joan ziren. Ekitaldia apezpikuaren bedeinkapenarekin hasi zen. Ondoren, ministroak hitz egin zuen; trantsizio politikoko unearen garrantzia eta Estatuan ezartzeko osasungintza-eredu berri baten bilaketa azpimarratu zituen. Jarraian, oroitzapenezko plaka bat estalgabetu zuen: «Osasun-egoitza hau Osasun eta Gizarte Segurantzako ministro Enrique Sánchez de León jaun txit gorenak inauguratu zuen, 1978ko otsailaren 20an. Gasteiz, 1978ko otsaila». Ospitalearen lehen izena Gizarte Segurantzako Ortiz de Zarate Osasun Egoitza Berria izan zen21.

INPko administratzaile José Manuel Ruiz de Ocenda jaunak aurrekontuko zenbatekoak eman zituen. Obra, guztira, 1.400 milioi pezetakoa izan zen: 900 eraikitzeko eta 500 tresneriaz eta materialez hornitzeko. Egoitzak 650 oherako tokia zuen, Arabako biztanleak eta Burgoseko, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mugakideak artatzeko. Horrez gain, 1.260 langile zituen: 160 mediku, 480 OLT, 220 laguntzaile eta gainerakoak beste kategoria batzuetako langileak22.

Gizarte segurantzako Ortiz de Zarate osasun egoitza berritik Txagorritxu ospitalera. Jatorri toponimikoa.

txagoko-historia_plaka-os1986an, zentroaren hasierako izena aldatu egin zen. Garai hartan egoitza berriko zuzendari kudeatzaile zen Jesús Loza jaunak honakoa adierazi du: «Bi arrazoiengatik eskatu nuen izena aldatzea: militar frankista baten, Ortiz de Zarate komandantearen, oroitzapena egiten zuelako eta biztanleek horrela deitu ohi ziotelako, Txagorritxu auzoan egonda. Enpresa Batzordearen eta Gobernu Batzarraren onespena lortu ondoren, Euskararen Hizkuntza Akademiara –Euskaltzaindia– joan nintzen, grafia gainbegiratzera, eta entitate publiko kudeatzailea zen Osasuneko Institutu Nazionalera (OIN), aldaketa berrets zezan. Oniritzia jaso ondoren, Udalera bideratu nuen». Eta Udalak hala jaso zuen Udal Aldizkarian: «Ortiz de Zarate Ospitalearen izen-aldaketari oniritzia eman zaio; hemendik aurrera Gasteizko Txagorritxu Ospitalea izena izango du» (J. Loza, mezu pertsonala, 2016ko urriak 3).

Txagorritxu Auzoa etxebizitza-arazoei aurre egiteko sortu zen eta 1971ko irailaren 18an inauguratu zuen Etxebizitzako ministroak23.

Txagorritxu leku-izenaren esanahiari eta jatorriari dagokienez, 1796ko Arabako Probintzia Artxibo Historikoko testu batean ageri da, Etxagorritxu auzo gisa, honela: «Etxagorritxu auzoko baratze batek ekialdetik Zadorrara doan ibai emaritsua zeharkatzen du, mendebaldetik aipatutako auzotik Arriagako San Joan ermitara joateko bide eta bidexka». Beraz, Arriagako Atetik Abendañorainoko mugapen hori XVIII. mendetik zegoela berrets daiteke.

Gainera, hiriko beste toki batzuei ere Txagorritxu deitzen zitzaien: 2007ra arte zezen-plaza izan zenaren ondoko eremuari eta Gurutze Zuria edo Etxagorritxuko Gurutzea deitzen den eremuari, Etxagorritxu etxetik gertu egoteagatik; Gasteiz eta Aretxabaleta arteko errege bidean, iparraldeko trenbidearen pasagune baten ondoan, dagoen barrutia da. Berrikiago ere ageri da toponimo hori, 1964 eta 1966 artean, Gasteizko Udalean, Txagorritxu Poligonoa gisa.

Honako forma hauetan agertzen da toponimoa: Etxagorritxuko etxea, Txagorritxuko etxea, Etxagorritxuko Gurutzea, Etxagorritxu, Txagorritxu, Etxagorritxu auzoa edo Txagorritxu auzoa.

Azkenik, azterketaren ikertzaileek, Enrique Knörr jaunak eta Elena Martinez de Madina andreak, ondorioztatu zutenez, kasu guztietan esanahi berbera zuen: «etxetxo gorria». Honakoa adierazi zuten: «XX. mendean toponimo horrek Txagorritxu industrialdearen eta egungo auzoaren sorrerari bide eman zion» 24.

Egilea: Fernando Grande Gil
AUO Txagorritxuko langilea