Zain Barneko Terapia | Nurse Day 2019: “Zain baskularraren hobekuntzan aurrera”

Joan den urtarrilaren 31n “B.T. Nurse Day” (Zain Barneko Terapiako Erizainaren Nazioarteko Eguna) izan zen eta, horregatik, Araba ESIko Zain Barneko Terapiako Taldeko erizainek eta Erizaintza Zuzendaritzak jardunaldi bat egin zuten Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan; gure erakundeko 100 profesional baino gehiago bildu ziren bertan

Nerea Gutiérrez Erizaintzako zuzendariak inauguratu zuen ekitaldia, eta gaitasun aurreratuei buruz hitz egin zuen bere mintzaldian, baita erizaintza-rol berriei eta erizainek antolamendu-eredu berrietan duten garapenari eta aurrerakadari buruz ere.

Zain Barneko Terapiako Taldeak “B.T. Nurse Day” egunaren nazioarteko eta estatuko jatorria aurkeztu zuen jardunaldian, talde horrek hartan izan duen zereginaz gain. Horren ondoren, Zain Barneko Terapiako Taldeak jardunaldia zuzendu eta bi mahai moderatu zituen, bat profesionalekin eta bestea pazienteekin.

Lehen mahaian zenbait zerbitzutako erizainek parte hartu zuten, talde hori existitzen denetik zaintza baskularrak izandako aldaketari zer deritzoten azalduz.

Inma Moraza Zain Barneko Terapiako Taldearen sustatzaile eta sortzaileak –erreferente da Pazientearen Segurtasunean– kontatu zuen taldea saiakuntza kliniko baten esparruan sortu zela, egokia eta eraginkorra dela ziurtatzeaz gain.

Beatriz Benítez Eguneko Ospitale Onkohematologikoko erizaina kimioterapia-tratamenduen kalitateak eta segurtasunak izandako aurrerakadari buruz mintzatu zen, nabarmenduta aurrerakada horrek zaintza humanoago bihurtzen lagundu duela.

Arantza González Etxez Etxeko Ospitaleratze Zerbitzuko gainbegiraleak zaintza baskularrean guztiok inplikatzearen alde hitz egin zuen, baita azaldu ere zaintza horren hobekuntzak zerbitzu hartan duen eragina.

Iñigo Castro Traumatologia Zerbitzuko erizainak agerian utzi zuen puntzio eta sarbide baskularrerako gailu asko saihestu direla bere zerbitzua Zain Barneko Terapiako Taldearekin lankidetzan hasi denez geroztik.

Gainera, Irene Martín Kirurgia Baskularreko Zerbitzuko erizainak azaldu zuen garrantzitsua dela zaintza baskularrean proaktiboak izatea, sarbide baskular txarrak daudenean eta denbora luze eman behar denean ospitaleratuta.

Azkenik, Ana Ruiz de Austri Pneumologiako eta Medikuntza Aringarriko Zerbitzuko erizainak azpimarratu zuen garrantzitsua dela ez ahaztea zaintza baskularraren alderdi errazenak, eta beste proiektu batzuekiko (hala nola BPSO edo Flebitis Zero) elkarbizitzaz ere aritu zen.

Bigarren mahaian, bestalde, PICC –Sartze Periferikoko Kateter Zentrala– duten bi pazientek parte hartu zuten. Kontakizun hunkigarri hartan, gailu horien abantailei buruz hitz egin zuten bi pazienteek, baita eguneroko bizitzan dituzten oztopoei buruz ere; euren esperientziaren bitartez, adierazi zuten ezinbestekoa dela prozesu osoan pazienteei entzutea eta lagun egitea.

Bertaratu ziren pertsonek ospakizun horretan parte har zezaten lortzea izan zen jardunaldi horren helburua, zaintza baskularraren arloan lortutako aldaketei eta elkarrekin lan egin beharrari buruz hausnartzeaz gain.