Amagoia Gorritxategiri elkarrizketa
Gaur hasiko gara lankide euskaldunei egindako elkarrizketa saila publikatzen. Honen helburua Araba ESI euskalduna ezagutzea da, eta baita langileen artean euskararen erabilera sustatzea ere eta gure arteko hurbiltasuna indartzea.
Amagoia Gorritxategi Biritxinaga Gasteizen jaioa da eta bertan bizi da. Gaur egun Osakidetzako Telefono Zerbitzuan dago lanean.
Nola ikasi zenuen euskaraz hitz egiten?
Txikitatik hitz egiten dut nire gurasoengandik jasotako hizkuntza delako eta baita ere ikasketak hizkuntza horretan burutu ditudalako ahal izan dudan neurrian. Izan ere, batxillergoa gaztelaniaz ikasi behar izan nuen, oraindik euskaraz ez zegoelako Jesus Obreroko institutuan, eta Unibertsitatean ere ikasgai batzuk gaztelaniaz bakarrik eskeintzen ziren; horregaitik itxialdiak egin genituen gure eskubideak aldarrikatzeko.
Euskaraz bizi al zara? Zein esparrutan? Euskaraz bizitzeko trabak dituzu?
Euskaraz etxean, lagunekin, umeen eskolako irakasleekin eta guraso batzuekin, eta lanean ere erabiltzen dut. Baina oraindik esparru publikoan asko falta da, adibide moduan, iaz Gasteizko epaitegietan ezkondu ginen eta euskaraz aukeratu arren, ezkondu gintuen epaileak ez zuen hizkuntza ezagutzen eta gaztelaniaz hitz egin behar izan genion.
Etorkizunera begira zer uste duzu egin ahal dela alor guztietan euskararen erabilera normalizatua izateko?
Nire ustetan badago jendea hizkuntza ezagutu arren ez duela kalean erabiltzen, bai lotsagatik edota ez dutelako norekin, eta pertsona horiek animatzea izango litzateke erronka. Euskara geletatik kanpo erabil daitekeen hizkuntza ere badelako.
Deskribatu azkenengo 15 urteetako Gasteiz euskalduna:
Gasteizen somatu dudana da euskaldun berriek beraien seme-alabei euskaraz hitz egiten dietela eta hori mirestekoa da. Horrek ondarea bermatua dagoela esan nahi du.