Arabako ESIko erizain komunitarioek eta osasun zentroek parte hartu dute 'Eman bizia urteei!' proiektuan
Gasteizko Zaramaga eta Aranbizkarra auzoetan bizi diren eta nahi gabeko bakardadean dauden pertsonei laguntzeko proiektu soziokomunitarioa da
Ekimen hau Iparralde Gizarte Etxeko Osasun Saretik sortu da. Honako hauek osatzen dute: Zaramagako, Aranbizkarra I eta Aranbizkarra II osasun-zentroek, Araba ESIko Familia eta Komunitate Arretako erizainek, BIZAN Zaramagak eta Aranbizkarrak, Solidaridad Enfermera GKEk, Osasun Publikoko Udal Zerbitzuak, Iparraldeko Caritasek, Emakume Boluntarioen Elkarteak eta Iparralde Gizarte Etxeak.
Alde batetik, jarduera honetan parte hartu duten pertsonei inguruan dauden baliabideen berri eman zaie, eta informazioa eta prestakuntza eskaini zaie beren bizi-kalitatea hobetzeko, programa beren profilaren arabera egokituz.
Bestalde, nahi ez den bakardadeari aurre egiten laguntzeko, diziplina anitzeko profesionalen talde batek elikadura osasungarria, ariketa leuna, osasun-zainketak eta emozioen kudeaketa positiboa egiteko jarraibideak eman zaie parte-hartzaileei, baita Herritarrei Arreta emateko Udal Bulegoetan zer izapide egin daitezkeen jakiteko informazioa eta iruzurrak eta lapurretak prebenitzeko informazioa ere.
Proiektuak oso harrera positiboa izan du, eta kideek emozioei buruzko saioa nabarmendu dute jarduera honen indargune gisa. Gainera, parte hartzeak lagun berriak sortu ditu eta pertsona batzuk BIZAN Zaramagan eta gizarte-etxeak eskaintzen dituen ikastaroetan izena ematera eraman ditu. Ekimenak arrakasta handia izan duenez, datorren asteetan Iparraldeko Gizarte Etxeko Osasun Sarea berriro bilduko da beste talde bat martxan jartzeko, 'urteei bizia ematen' jarraitzeko.