Olarizuko Osasun Zentroak ohitura osasungarriak sustatzen ditu auzoan

Zentroak informazio-postu bat jarri zuen, bizilagunei gomendioak eta errezetak eskainiz

Olarizuko Osasun Zentroak ohitura osasungarriei buruzko esku-hartze komunitarioko jarduera bat egin zuen abenduaren 1etik urtarrilaren 8ra bitartean. Jarduera Gabonetan kokatu zen, eta informazio-postu bat ezarri zen. Bertan, auzokoei koadro kliniko ohikoenen aurrean nola jokatu gomendatu zitzaien, hala nola hotzeria, eztarriko mina, beherakoa, sukarra, goragalea eta gorakoak, hainbat marrazkiren bidez. Bestalde, jai egun horietarako errezeta aberats eta osasungarriak eskaini ziren.

Gainera, osasun-zentroa Gabonetako zuhaitz baten marrazkiarekin girotu zen. Bolatxoek gogorarazi zuten jaiegunetan ere zaintzen jarraitu behar dela, nutrizio-aldetik aberatsak diren elikagaiak aukeratuz, fruta eta barazkiak barne, eta alkoholaren kontsumoa ahalik eta gehien murriztu behar dela ere adierazi zitzaien. Era berean, Gabonetako gozoki ez hain kalorikoak egitera, egunero ariketa fisikoa egitera eta behar bezala lo eta atseden hartzera animatu ziren herritarrak. Halaber, zaintza emozionala eta elkartasuna azpimarratu ziren, gizarte-harremanak sustatuz eta bakarrik bizi diren pertsonei arreta eskainiz.

Ekimen horrek harrera bikaina izan zuen osasun-zentroko erabiltzaileen artean, eta gustura hartu zituzten aholkuak eta errezetak. Horrek agerian uzten du komunitatearen lotura eta parte-hartze aktiboa, osasunaren arloko profesionalen eta herritarren arteko interakzioari esker.