AUOk dieta mediterraneoari buruzko azterlan berri batean parte hartuko du

Orain urtebete ezagutarazi ziren nazioartean oihartzun handia izan zuen makroazterlan europar baten emaitzak; bertan, dieta mediterraneoak gaixotasun kardiobaskularrak prebenitzeko dituen onurak jorratu ziren. Guztira, 7.447 lagunek hartu zuten parte, eta horietatik 575 arabarrak ziren, AUOko Kardiologiako buru Fernando Arós doktoreak bildutakoak. Azterlana New England Journal of Medicine-en argitaratu zen, medikuntzaren inguruko aldizkaririk entzutetsuenean.

Azterlanaren xedea zen bi dieta-motak gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan dituzten onurak alderatzea. Ordura arte, munduko elkarte zientifiko nagusiek gantz gutxiko dietak gomendatzen zizkieten bihotz-gaixotasunak izateko arriskua zuten pertsonei. Azterlan horren kasuan, ordea, erronka zera zen: egiaztatzea landare-gantz gehiagoko dieta batek, adibidez, dieta mediterraneoak, onura gehiago ba ote zituen, ordura arte gomendatzen zen gantz gutxiko dietaren aldean.

Emaitzak oso adierazgarriak izan ziren eta proba zientifikorik onenak erabili ziren, eta frogatu dute oliba-olio birjina edo fruitu lehor askoko dieta mediterraneoa egitean gaixotasun kardiobaskularra (miokardio-infartua, garuneko istripu baskularra edo jatorri kardiobaskularreko heriotza) garatzeko arriskua % 30 eta % 28 artean murrizten dela, hurrenez hurren.

Horrenbestez, berretsi da oliba-olio birjinatik edo fruitu lehorretatik datorren landare-gantzarekin osatzen den dieta mediterraneoa eginez (fruta, barazki, zereal oso, arrain eta lekale ugarikoa, eta haragi, prozesatutako haragi-produktu, krema, gurin, edari azukredun eta esneki oso gutxikoa) gertaera kardiobaskularren kopuruak behera egiten duela, gantz gutxiko dietak eginez gertatzen denarekin alderatuta.

Udaberrian, azterlanaren bigarren zatiari ekingo zaio, eta obesitate abdominala, hipertentsioa, triglizerido-maila altua, HDI handia eta glukosa-nahasmendua duten 300 arabarrek hartuko dute parte (guztira, 6.000 boluntario arituko dira). Bost urte kontrolatuko dituzte, eta dieta hipokalorikoa eta ariketa fisikoa egingo dute.