Gasteizko Udalak eta Osakidetzak "Mugiaktiboa" proiektu pilotua, ariketa fisikorako orientazio zerbitzu berria, jarri dute martxan
Pertsona ez-aktiboei zuzendutako proiektu pilotua da, eguneroko errutinan ariketa fisikoa sar dezaten, Udalaren kirol-instalazioetan egin beharreko jarduera fisikoaren neurrirako planaren bidez
Fase pilotua 2026ko urritik 2027ko ekainera bitartean egingo da, eta orientatzaileek Zabalganako, Salburuko eta Aranbizkarra IIko osasun-zentroetan emango dute arreta
Ekimena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bultzatutako Osasunaren Euskal Itunaren helburuen barruan kokatzen da, prebentziozko eredu komunitarioa eta pertsona erdigunean indartuz
Vitoria-Gasteizko Udalak, Kirol Zerbitzuaren bidez, eta Osakidetzako Arabako Erakunde Sanitario Integratuak (Arabako ESIa) “Mugiaktiboa”, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzu berria (SOAF), aurkeztu dute gaur, 2026ko irailaren 30ean. Osasun eta komunitate arloaren arteko koordinazioa indartzeko egingo den proiektu pilotuaren esparruan garatu da ekimena.
Ekitaldia Gasteizko Udalean egin da, eta bertan izan dira Maider Etxebarria, Gasteizko alkatea, Enrique Bárez, mediku anestesista eta Arabako ESIko zuzendari gerentea, eta Ana Celia Ramos, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Fisioterapiako koordinatzailea.
Proiektu pilotu honen helburu nagusia da gaur egun ez-aktiboak diren pertsonei laguntzea, ariketa eguneroko errutinan sar dezaten. Programaren gakoa erakundeen arteko koordinazioan datza: eremu sanitarioak beharra detektatu eta pertsona horra bideratzen du; eremu komunitarioak, berriz, hori gauzatzeko espazioak eta baliabideak errazten ditu.
Ekimena 2026ko urriaren 1etik 2027ko ekainaren 30era bitartean garatuko da, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Lehen Mailako Arreta indartzeko eta pertsonengan oinarritutako prebentzio eredu komunitarioa indartzeko bultzatutako Osasunaren Euskal Itunaren helburuen barruan kokatzen da.
Gasteizko Udalaren Kirol Zerbitzuak hiriko gizarte-etxeen eta kirol-instalazioen sare zabala aprobetxatzen du herritarrei jarduera fisikoaren praktika hurbiltzeko eta espazio horiek osasunaren sustapenaren aliatu bihurtzeko. Profesionalen bidez, osasun-zentroetatik bideratutako pertsonek laguntza pertsonalizatua jasotzen dute ariketa fisikoa beren bizi-ohituretan txertatu dezaten, osasun-profesionalek hautemandako beharrei erantzunez.
Programa honetan parte hartzeko zirkuituak hiru urrats ditu, eta argi eta garbi bereizten ditu osasun eremua eta kirol eremua:
- Deribazioa, osasun-zentroan: zerbitzurako sarbidea Lehen Mailako Arretako osasun-langileak deribatuta bakarrik egin daiteke. Gasteizko edozein osasun-zentrotako langileek beren pazienteak baloratuko dituzte, eta jarduera fisikoa hasi behar dutela identifikatzen badute, programara bideratuko dituzte.
- Orientazio pertsonalizatua: bideratu edo deribatu ondoren, orientatzaileak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako tituludunak (JFKZ), bere gain hartuko du haren arreta, jarduera fisikoaren eta osasunaren irizpide teknikoetan oinarritutako ikuspegi profesionala bermatuz. Proba-fasean, orientazio-langileek kontsultak emango dituzte goizez eta arratsaldez, Arabako ESIko Osakidetzako hiru osasun-zentrotan: Zabalgana, Salburua eta Aranbizkarra II. Haien eginkizuna elkarrizketa pertsonala egitea, pertsona bakoitzaren gaitasunak eta interesak ebaluatzea eta bere neurrira egindako ekintza plana diseinatzea izango da.
- Kirola, udal-instalazioetan: diseinatutako planarekin, praktikaren unea iristen da. Ariketa fisikoa hiriko instalazioen sarean egingo da. Osasun-zentrotik kirol-jarduerarako jauzi hori errazteko, orientatzaileek pertsona bakoitzari txartel bat emango diote, igerilekuetarako eta ariketa-geletarako doako 6 paserekin, bai eta aparteko bi pase ere, Gasteizko Udalaren Kirol Zerbitzuak eskainitako jarduera zehatzak probatzeko.
Horrez gain, eta laguntzearen parte gisa, orientatzaileek entrenamendu funtzionaleko eta indarreko planak koordinatuko dituzte talde txikitan, programari atxikitako pertsonentzat.
Enrique Bárez, Osakidetzako Arabako ESIko zuzendari gerenteak honako hau nabarmendu du: "Programa pilotu honen hedapenak prebentzio komunitarioko gure eredua indartzen du. Protokolo berri honen bidez, gure osasun-zentroetako profesionalek tresna zuzena izango dute pazienteak ariketa fisikoko profesional kualifikatuetara bideratzeko, aholkularitza babestua, segurua eta pertsonalizatua bermatuz".
Bárezek adierazi duenez, gainera, “ariketa fisiko aktiboa egitea Arabako biztanleen kezka eta lehentasun nagusien artean dago. Ariketa fisikoa terapia gisa preskribatzeak, prebentzio gisa ez ezik, tresna terapeutiko aktibo gisa ere funtzionatzen du Osakidetzaren barruan, lehentasunezko ikuspegiarekin eta pertsonen ongizatean indartuta".
Bestalde, Maider Etxebarriak nabarmendu du “Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuaren eta udalaren gizarte-etxeen eta kirol-instalazioen sarearen arteko koordinatutako lanaren garrantzia. Sare horrek jarduera fisikoa herritarrengana hurbiltzeko eta espazio horiek osasunaren sustapenerako aliatu bihurtzeko balio du. Profesionalen bidez, osasun-zentroetatik deribatutako pertsonek laguntza pertsonalizatua jasotzen dute ariketa fisikoa beren bizi-ohituretan txertatzeko, osasun-profesionalek hautemandako beharrei erantzunez”.
Esperientzia pilotu horrekin, Gasteizko Udalak, Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasunaren sustapenarekin duten konpromiso partekatua indartuko dute. "Mugiaktiboa" ekimenak erakundeen arteko lankidetza-eredua sendotu nahi du, non errezeta medikoa benetako ohitura osasungarri bihurtuko den, eta jarduera fisikoa herritarren ongizaterako funtsezko tresna gisa erabiliko den.







