Osakidetzak gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa kanpainari ekin dio "Zeure burua zaintzea denok zaintzea da" lelopean.

Osakidetzako 4.000 profesional inguruk parte hartuko dute Lehen Mailako Arreta indartuko duen eta txertaketa erraztuko duen dispositiboan

Txertaketak, txertoguneek eta lantalde profesionalak indartzeak Euskadiko Osasun Itunaren helburuak gauzatzen dituzte: osasun prebentiboago, hurbilago, eskuragarriago eta herritarren benetako beharretan zentraturantz aurrera egitea

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak gaur, osteguna, hasi du, gripearen eta COVID-19aren aurkako txertaketa-kanpaina orokorra Euskadin. Aurkezpen-ekitaldia Araban gaur goizean egin da Lakua-Arriagako Osasun Zentroan, Lehen Mailako Arretak eta bertako profesionalek horrelako kanpaina batean duten garrantzia erakusten duen zentroan.

Aurkezpenean Lakua-Arriagako Osasun Zentroko profesionalek parte hartu dute: helduen erizaina, María Jesús García, eta pediatriako erizaina, María José Sánchez. Ekitaldiaren ondoren, adineko pertsonei eta haurrei jarritako lehenbiziko txertoetan egon dira, prebentzioa, biztanleria kalteberaren babesa eta Osakidetzako lantaldeen lana balioetsi nahi izan den jardunaldi batean.

Kanpainaren leloa da “Zeure burua zaintzea denok zaintzea da. Txertoa jarri”. Mezuak gogorarazten du txertaketak norbanakoaren osasuna babesten duela, baina familiak, zaintzaileak eta arnas-infekzioen aurrean ahultasun handiagoa dutenak babesten ere laguntzen duela.

Lantalde profesionalak indartuko dira

Kanpainak Osakidetzako 4.000 profesional inguru inplikatzen ditu, horien artean txertaketa-taldeak, Lehen Mailako Arreta, ospitaleak, egoitzak, administrazioko langileak eta bestelako laguntza-dispositiboak.

Txertoa hartzeko aukera gehiago

Lehen Mailako Arreta izango da, oraindik ere, txertoa hartzeko bide nagusia, aurretik hitzordua hartuta. Gomendatutako taldeetako pertsonek Osakidetzaren web-orriaren bidez edo beren osasun-zentrora deituta eska dezakete.

Berritasun gisa, aurten hiru lurraldeetara hedatuko da txertoguneen eredua, aurretik hitzordua eskatu gabe joan ahal izateko. Gune horiek txertaketa erraztuko dute eta, aldi berean, laguntza-jarduera hobeto banatzen lagunduko dute arnas birusen zirkulazio handieneko hilabeteetan.

Txertoguneak urriaren 19tik azaroaren 1era arte egongo dira erabilgarri.  Gune horietan gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak jarriko dituzte, baita haurrei ere, eta sei hilabetetik gorako pertsonak txertatu ahal izango dira.

Araban puntu bat jarriko da martxan:

  • Vitoria-Gasteiz: San Martin osasun zentroa, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara; eta larunbat eta igandeetan, 09:00etatik 21:00etara.

Txertaketa-kanpainan parte hartzen duten erizainek gogorarazi dute gripeak eta COVID-19ak oraindik ere arriskua direla pertsona kalteberentzat, eta herritarrak txertatzera animatu dituzte. Halaber, nabarmendu dute adinekoen nahiz adingabeak dituzten familien erantzuna oso ona izaten ari dela; izan ere, kanpainaren lehen egunetatik bertatik hitzorduak eskatzen hasi dira.

“Urtez urte, badirudi jendeak gero eta presa handiagoa duela hitzordua hartzeko”, azaldu du helduen txertaketako erizain erreferenteak, María Jesús Garcíak. Haren esanetan, lehen astean bertan nabarmen handitu da eskaera kopurua. Bestalde, pediatriako erizain María José Sánchezek azpimarratu du familiak “Oso kontzientziatuta daudela txertaketaren garrantziaz”, eta berretsi du adingabeentzako hitzorduen eskaria handia izaten ari dela kanpainaren hasieratik bertatik.

Babesa pertsona kalteberenentzat

Kanpaina talde hauetara bideratu da nagusiki:

  • 60 urte edo gehiagoko pertsonak.
  • 6 eta 59 hilabete bitarteko haurrak.
  • Haurdun dauden emakumeak.
  • Gaixotasun kronikoak, immunodepresioa edo beste arrisku-baldintza batzuk dituzten pertsonak.
  • Egoitzetan edo beste zentro instituzionalizatu batzuetan bizi diren pertsonak.
  • Osasunaren eremuko eta eremu soziosanitarioko profesionalak.
  • Zaintzaileak eta pertsona kalteberekin bizi diren pertsonak.
  • Haur-eskoletako eta oinarrizko zerbitzuetako langileak eta animaliekiko lan-esposizio zuzena duten pertsonak.

Gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzea gomendatuta duten pertsonen kasuan –70 urtetik gorakoak eta eskatzen duten 65 urtetik gorakoak– bi txertoak aldi berean eman daitezke.

Osasun Saila eta Osakidetza kanpainan sartzea errazteko jarduerak egiten ari dira. Xede-populazioa gonbidatzeko mezuak eta gutunak bidaltzen ari da eta 80 urtetik gorako pertsonekin telefonoz harremanetan jartzen ari dira hitzordua hitzartzen eta informazioarekin, tresna digitalen erabilerarekin edo joan-etorriekin lotutako oztopo posibleak arintzen laguntzeko.

Kanpaina Euskadiko Osasun Itunaren helburuen barruan kokatzen da, prebentzioa, osasuna sustatzea, lehen mailako arreta eta gertuko osasun-arreta indartzearen alde egiten baitu, herritarrak erdigunean jarrita.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gomendatutako taldeetan dauden pertsonei hitzordua eskatzeko edo gaitutako aldian txertoguneetara joateko deia egiten diete. “Txertoa hartzea zeure burua eta ingurukoak babestea da.