MAGIA ETA BURMUINA
Susana Martinez-Condek, New York estatuko Unibertsitateko Neurozientzia Integratuko Laborategiko zuzendariak, teoria horien eta beste batzuen berri eman zuen irailaren 2an, Txagorritxuko ekitaldi-areto bete-betean. Hitzaldian, magiako trukoen azterketa neurozientifikoaren ondorio klinikoak eta sozialak jorratu zituen.
Adituaren arabera, zentzumen-sarrerak interpretatzen dituen makina neuronal berak pentsamenduak, irudipenak eta ametsak sortzen ditu, eta, beraz, interpretatzen dugun munduak eta irudikatzen dugun munduak oinarri fisiko bera dute garunean.
Martinez-Condek azaldu zuenez, neurozientzialariek pertzepzioaren atzean dauden garuneko prozesuak aztertzen dituzte, unibertsoaren inguruan dugun esperientzia ulertzeko. Ilusio bisualak tresna garrantzitsuenetako bat dira garunak gure errealitatearen esperientzia nola eraikitzen duen ulertzeko. Magoek eta ilusionistek garatutako printzipioak oso erabilgarriak suerta daitezke arreta eta kontzientzia manipulatzeko, laborategi barruan zein kanpoan.
Aditu katedradunak David Hubel Nobel saridunarekin batera jaso zuen prestakuntza, Harvard Unibertsitatean. Gaur egun, neurozientzia kognitiboa, pertzeptuala eta okulomotorra ikertzen dabil. ‘Los engaños de la mente: cómo los trucos de magia desvelan el funcionamiento del cerebro’ liburu arrakastatsuaren egileetako bat da, eta dibulgatzaile zientifiko bikaina da.