Osakidetzak eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak, Arabako Lautadako gaixo onkologikoei babesa indartzeko arretagune berri bat ipini dute

Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidentearen hitzak

Aguraingo Osasun Zentroak, aste honetatik aurrera, ostiraletan, minbizia diagnostikatuta duten pertsonentzat eta haien senitartekoentzat arreta psikologikoa eta soziala eskainiko ditu

Euskadiko Osasun Itunarekin bat etorrita, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Elkartearen helburua da, beharrezkotzat jotzen duten eta minbizia duten pertsonen zein euren senitartekoen bizi-kalitatea hobetzea, arreta humanizatuago eta hurbilago batean sakonduz

Osakidetza eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartea, minbizia duten pazienteenganako humanizazio eta gertutasun estrategian aurrerakuntzak egiten darraite. Arabako ESIak eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteak orain dela zenbait hilabete hitzartutako kolaborazioaren baitan, Aguraingo Osasun Zentroak, aste honetatik aurrera, ostiraletan, beharrezkotzat jotzen duten eta minbizia diagnostikatuta duten pertsonentzat zein haien senitartekoentzat arreta psikologikoa eta soziala eskainiko ditu.

Ekimen horrek ahalbidetzen du Osakidetzak eskaintzen duen laguntza-asistentziala, bere osasun instalakuntzetan aktibo komunitario gisa ikustea. Enrique Bárez Arabako ESIko zuzendari gerenteak azaldu duenez: “Aguraingo arretagune berri hau gehitzeak Osakidetzaren eta Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearen arteko konpromiso partekatuan urratsak ematen jarraitzea ahalbidetzen du, arreta hurbilagoa eta irisgarriagoa eskaintze aldera. Gure helburua minbizia duten pertsonei eta beren familiei asistentzia-prozesu guztian zehar laguntzea da, gure profesionalen lanean baliabideak erantsiz, beren ongizate fisiko, emozional eta soziala hobetzeko."

“Finean, aurrerapauso bat da, gure zerbitzuak behar dituztenei gerturatzeko; humanizazio arreta eredu bat bultzatuz, minbizia duten Arabako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin; hori guztia, guztiz dohainik”, esan du Miren Bilbao Minbiziaren Aurkako Arabako Elkarteko presidenteak. Halaber, Osakidetzari bere esker ona luzatu nahi izan dio, Elkartearekiko erakutsitako konpromisoagatik.

Arreta psikosoziala Arabako Lautadako biztanteria guztia hartuko du, hau da, 12.905 pertsona. Hitzordua hartzeko, 900 100 036 doako telefonora deitu behar da. Eskaintzen diren zerbitzu guztiak doakoak dira.

Zerbitzuen kontsolidazioa eta euskarri integrala

Arretagune berri hau Gasteizko Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartean dagoeneko eskaintzen duenari gehitzen zaio, baita Olagibel Osasun Zentrokoari, Lakuabizkarrako Osasun Zentrokoari eta Arabako Unibertsitate Ospitaleari ere.

Aguraingo Osasun Zentroko zerbitzuaren irekierarekin, arreta humanizatuagoan, hurbilagoan eta konprometituagoan sakondu nahi da. Bi erakundeek minbizia duten pertsonen eta beren familietan fokua ipintzea nahi dute, haien ongizate fisiko, emozionala eta soziala hobetze aldera.

Minibizia Euskadiko lehenengo heriotza-kausa da, eta helburu bateratua da 2030ean biziraupena % 70era iristea.