Posible da IKTUSaren kontra borrokatzea
Duela gutxi, Iktusaren Nazioarteko Eguna izan da, eta Arabako Unibertsitate Ospitaleak (AUO) publikoari hitzaldi ireki bat eskaini zion Santiagoko egoitzan, Juan Timiraos neurologoaren eskutik.
“Iktusa prebenitu, tratatu eta osatu egin daiteke. Lor dezagun!” leloa hartuta, adituek nabarmentzen dute garrantzitsua dela arrisku-faktoreak kontrolatzea, horren bidez gaixotasun honen kasuen %80 ere saihestuko bailitzateke. Horregatik, aholku hauek ematen dituzte:
- Dieta mediterraneoa hartzea, honako hauek oinarri hartuta: barazkiak, eltzekariak, fruta, oliba-olioa, fruitu lehorrak, arraina, haragi gantzgabeak era moderatuan, gatz gutxi eta gantz gutxi
- Ariketa egin, neurriz
- Pisua, presio arteriala, kolesterola eta odoleko azukrea kontrolatu
- Ez erre
- Alkohola neurrian hartu
Baina zer da iktusa?
Oxigenoz eta glukosaz hornitutako odola etengabe daraman fbeharrezko fluxu baskularra garunaren zati batera iristen ez denean, zati horrek ondo funtzionatzeari uzten dio, eta orduan agertzen diren sintomak dira iktusa. Kasuen % 80 arteria bat buxatzen delako gertatzen da (iktus iskemikoa), eta gainerako % 20a, hodi bat hausten delako (iktus hemorragikoa).
Garun-hodietako gaixotasuna heriotza-arrazoi nagusia da Espainiako emakumezkoen artea, baita Euskadiko eta Arabako emakumeengan ere. Horrez gain, behin betiko ezgaitasunaren kausa nagusia denez gero, gastu sanitario handia dakar.
Jakina denez, AUOko Txagorritxun iktus-unitate bat dago, lau ohekoa. Hor, zaintza neurologikoa, arritmien detekzioa, errehabilitazioa, gaixotasunaren eragileen azterketa, arrisku-faktoreen kontrola eta infekzioen kontrola egiten da.
Mintzamenaren nahasmendu bat agertzen bada edo bat-batean indarra, oreka edo ikusmena galduz gero, 112ra deitu behar da.