PSIKIATRIA ZERBITZUAREN IKERKETA, ERDITZE-OSTEKO DEPRESIOARI BURUZ
Erditze-osteko depresioak %10eko prebalentzia izaten du, eta ondorio deletereoak ez dira bakarrik amarengan agertzen, umearengan ere agertzen dira; gainera, haren garapen fisikoa, soziala eta kognitiboa atzeraraz ditzake. Horregatik, Europako Batasunaren ustez, garrantzi handikoa da hain patologia inportantea prebenitzea emakumeen arretarako zentroetatik hasita eta diziplina askotako ikuspegiarekin.
Arabako Unibertsitate Ospitaleko psikiatria-zerbitzua azterketa bat egiten ari da, Eusko Jaurlaritzak finantzatua, helburu honekin: ea arazoen konponbidean oinarritzen den psikoheziketa efektiboa den erditze-osteko depresioa prebenitzeko oso arrisku handia duten emakumeengan.
Horretarako, haurdunaldiaren hirugarren hiruhilekoan dauden mila emakume bildu asmo dira; espero izatekoa da %25ek erditze-osteko depresio faktoreren bat behintzat izatea (250ek). Lagin horretan, erditu berritan depresio-sintoma azpisindromikoak dituzten emakumeak hautatzen dira azterketarako; emakumeen %50 izango da hori, gutxi gorabehera (n=125). Emakume horiek bi multzotan banatzen dira, ausaz: arazoak konpontzeko psikoterapia-tratamendua dutenak (sei saio: bakarkako saio bat + bost saio taldekako) eta ohiko tratamendua jasotzen duten kontrol-taldekoak (erdiberriaroan daudenen ohiko kontrola). Tratamenduaren ondoren, emakumeak bitan ebaluatzen dituzte: terapia amaitzean eta handik sei astera. Iraupen kurbekin ebaluatu zen pazienteek erditze-ondoko depresio handia garatzeko behar duten denbora.
Hiru urte daramate proiektuan, eta hirugarren hiruhilekoan diren 572 emakumerekin aritzea lortu dute. Batez besteko adina 33,85 urtekoa da. Emakumeen %50,9k arrisku-faktore bat zuen, eta lagin osotik %33,7k trastorno mental larriaren aurrekariak izanak zituzten; lagin osotik %3,03k antsietate-depresioaren sintomatologia zuten. Arrisku-faktoreko emakumeen taldeko demografia-aldagaiei dagokienez, ikusi da %63,06 ezkonduta zeudela eta %31,8 ezkondu gabe. %88,6 bere familiarekin bizi zen, eta %2,9 bakarrik. %59,2k unibertsitate-ikasketak zituen.
Umea jaiotzean, haurdunaldian aurrekari pertsonalak edo antsietate-depresio sintomak zituzten emakumeak ari dira ebaluatzen. Lagin osotik %17,64k depresio-arriskua zuten; lagin osotik %5,8k berriz, ordurako garatua zuen. Beraz, ikusten da umea jaio aurretik trastorno mentala izatea ez dela ezinbestekoa amarengan erditze-osteko depresioa agertzeko; izan ere, ezaugarri horiek zituztenen laurden batek baino gutxiagok izan zuen depresio sintomatologia bat erdiberriaroan.
Hemen ageri diren datuak deskriptiboak dira, orain arte jasotako datuen aldez aurreko analisietatik ateratakoak. Arazoen konponbidean oinarritzen den psikoheziketa-tratamendua erditze-osteko depresioa prebenitzeko erabiltzeari dagokionez, orain hasiko dira hori analizatzen, terapiaren eraginkortasuna zenbaterainokoa den ikusteko.