Adineko pertsonen burujabetza hobetzeko entrenatzaile birtuala garatzen parte hartzen ari da Bioaraba Osasun Ikerketa Institutua

Osakidetzako profesionalak, hain zuzen ere, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko, Osatek-eko eta betiON Telelaguntza Zerbitzu Publikoko profesionalak parte hartzen ari dira asmo handiko EMPATHIC proiektu europarrean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Speech Interactive Research Group ikerketa-taldearen ardurapean. Proiektuak hiru urte iraungo du. Talde horren asmoa da 2019ko maiatzean lehen prototipoa izatea eta 2020ko azken hiruhilekoan laguntzaile birtuala bukatuta egotea.

Lan horretan Europako hainbat erakundek dihardute; izan ere, Europako Batzordeko Horizon 2020 Ikerketa eta Berrikuntzako programari esker burutzen ari da. Adineko pertsonentzako laguntzaile edo coach birtuala garatzea du helburu EMPATHIC proiektuak. Adineko pertsonei zein ekintza edo jarduera egin dezaketen gogorarazteaz gain, laguntzaile birtuala gai izango da pertsona horien egoera emozionalaren aldaketak detektatzeko, ahots-tonuaren edo aurpegiko keinuen alterazioaren bidez, eta horren arabera jokatu ahal izango du erabat automatikoki.

“Osasun-laguntzaile edo coach erabat autonomoa diseinatu eta garatzean datza proiektuaren proposamena, adineko pertsonekin elkarrekintzan arituko dena eta bizimodu burujabea izaten lagunduko diena, hiru oinarri nagusi hauetan: elikadura, bizitza soziala eta ariketa fisikoa", azaldu du María Inés Torres ikerketa-taldeko eta proiektuko buruak. “Azken produktu gisa, tabletetan, telebistetan, ordenagailuetan, telefono mugikorretan eta abarretan erabili ahal izango den avatarra lortu nahi da, zeinak erabiltzaileekin elkarrizketan jardun ahal izango duen, sentsore, mikrofono eta kamerak erabiliz”, gehitu du Torresek.

Gogorarazle hutsa izateaz gain, ordea, elkarrekintza horri esker, pertsonen jokabidean gertatzen diren aldaketak detektatu ahal izango ditu sistemak, baita gogo-aldartean gertatzen direnak ere, ahots-tonuan, aurpegieran edota begietan aldaketak hautemanez. "Aldaketa horiek hautematean, coach batek egingo lukeen bezala erantzungo du eta, elkarrizketaren bidez, egoera zuzentzen saiatuko da", zehaztu du ikertzaileak. "Baldin eta sistemak detektatuko balu, adibidez, adineko pertsona ez dela azken egunetan etxetik atera, gustuko duen ekintzaren bat egitea iradokiko lioke, hala nola, kontzerturen batera joatea eta, horretarako, lagunen bati deitu eta sarrerak erostea”.

Osakidetzaren zeregina

Askotariko jakintza-alorretako profesionalek parte hartuko dute proiektuan, hala nola, Medikuntza eta Psikologiakoek, mota askotako ingeniariek eta teknologoek eta azken erabiltzaile batzuek. Izan ere, azken erabiltzaileen iritzia hasieratik hartuko da kontuan, egingo diren aurrerapen guztiak probatu eta baliozko ditzaten.

Testuinguru horretan, Osakidetzaren zeregina garrantzi handikoa da, jakintza ekarle gisa. Hortaz, Osatek-eko profesionalek sei urtez betiON Telelaguntza Zerbitzu Publikoa kudeatzen berenganatutako esperientzia ekarriko diote proiektuari, eta Osakidetzakoek, adineko pertsonen osasun-beharren inguruan duten jakintza.

Bestetik, alderdi teknologikoari dagokionez, laguntzaile birtualari ezarri nahi dizkioten eginkizun guztiei erantzuteko teknologiak eta sistemak garatuko dira: esaterako, avatarrak pertsonekin elkarrekintzan jardungo du, hizketa era automatikoan ezagutuko du, ahotsa eta elkarrizketa-sistemak sintetizatuko ditu eta ahots-seinalearen bidez emozio-aldaketak detektatzeko sistemak izango ditu. Era berean, aurpegia ezagutuko du eta aurpegieran zein begietan emozio-aldaketak detektatuko ditu eta, teknologiak funtziona dezan, osasun-helburuak eredu matematiko bihurtuko ditu.

Azkenik, produktuaren xede diren hiru boluntario-talde sortuko dira, lortuko diren aurrerapenak ebalua ditzaten: lehena, hainbat ikastaro-motatara bertaratu ohi diren adineko pertsonek osatua; bigarrena, telelaguntza-zerbitzuen erabiltzailek osatua; eta hirugarrena, medikuek hautatutako pazientek osatua.

Horiek horrela, taldekideon jatorria askotarikoa da: Osakidetzako eta Osatek-eko hainbat zerbitzutako erabiltzaileak eta laguntzaileak, Frantziako adineko pertsonen elkarte bateko kideak eta Osloko Unibertsitateak hautatutakoak. Horiek guztiak hautatzeko irizpideak antzekoak izango dira, sistema hizkuntza eta kultura-testuinguru desberdinetan proba dadin.

Parte-hartzaileen zerrenda osoa

EMPATHIC proiektua burutzeko sortu den partzuergoak, Europako hamar erakunde biltzen ditu: lehenago aipatu direnak, hala nola, UPV/EHUko Elektronika eta Elektrizitate Saileko Speech Interactive Research Group ikerketa-taldea (proiektuaren koordinatzailea), Osakidetzako profesionalak, hain zuzen ere, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutukoak, Osatek-eko profesionalak, betiON Telelaguntzako Zerbitzu Publikoko profesionalak eta Osloko Unibertsitatekoak.

Halaber, erakunde hauek ere parte hartuko dute: Frantziako Institut Mines-Télécom, aurpegi-ezagutzan aditua; Israelgo Technion Institutua, zeinak begietan emozio-aldaketak detektatzeko gai den neurozientzialari bat duen; Napoliko Unibertsitatea, zeinaren barruan psikologia sailean lanean diharduten konputazio-zientzietako ikertzaileen talde mistoa dagoen; Intelligent Voice enpresa londrestarra, hizketa-ezagutzan aditua; Acapela enpresa belgikarra, ahotsaren sintesian aditua; Tunstall, Ingalaterran egoitza duen enpresa multinazionala, telelaguntza-produktu eta zerbitzuen hornitzailea, eta, azkenik, Frantziako E-Seniors elkartea, adineko pertsonen eten digitalean jarduteko sortua.