Arabako ESIak jarduera komunitario berriak bultzatzen ditu ongizatea eta bizikidetza sustatzeko

Arabako ESIak familia eta gizarte ongizatera bideratutako jarduera komunitarioen agenda abian jarri du ekainean
Arabako ESIak, erizain komunitarioen bitartez eta hainbat gizarte erakunderekin lankidetzan, osasun komunitarioarekiko konpromisoa sendotzen jarraitzen du, ekainean egiten ari diren prestakuntza eta sentsibilizazio-jardueren bidez. Ekimen horien helburua da familiei, gazteei eta, oro har, herritarrei laguntzea funtsezko esparruetan, hala nola eskolako bizikidetzan, ongizate emozionalean eta ingurune digitalaren erabilera osasungarrian.
Ekainaren 15ean, Arkabiak Eskola-jazarpenari buruzko II. Jardunaldia hartuko du, Ehunbidek antolatua, "Begirada aldatzen dugunean, esku-hartzea aldatzen da" lelopean. Jardunaldia doakoa izango da eta leku mugatua izango du. 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 18:30era izango da. Arratsaldean, familiei zuzendutako hitzaldi bat eskainiko da, eskola-jazarpenaren aurreko arrisku eta babes faktoreak ardatz hartuta. Gainera, haurrak zaintzeko zerbitzu bat jarriko da, laguntza errazteko.Ekainaren 19an, ostirala, Salburuako Gizarte Etxeko ekitaldi-aretoan "Ingurune digitala eta garapen psikologikoa" izenburu duen PLINA Jardunaldia ospatuko da ingurune digitalak haurren eta nerabeen garapen emozional, kognitibo eta sozialean nola eragiten duen ulertzeko. Arratsaldeko saioa, 16:30etatik 18:30etara, bereziki gurasoei zuzenduta egongo da, ingurune digital osasungarriak sortzeko eta laguntzeko estrategiak ikasteko gune praktiko batekin. Ekitaldiak haurtzaindegi zerbitzua izango du, bere izaera eskuragarria eta familiarra indartuz.
Bestalde, hilaren 25ean, ostegunean, San Martingo Osasun Zentroak zoru pelbikoari buruzko tailer bat eskainiko du, osasunerako funtsezkoa den eremu horren ezagutza eta autozainketa hobetzeko. Bi txanda egongo dira, bata goizez 11:00etatik 13:00etara eta bestea arratsaldez 17:30etik 19:30era. Izen-ematea San Martin Osasun Zentroko Lehen Mailako Atentzioko Unitatean egingo da.
Amaitzeko, ekainaren 28an, LGBTIQA+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunari begira, Araba ESIak hirian dauden baliabideak gogorarazten ditu, besteak beste, Lumagorri, LGTBIQA+ fobiaren aurkako behatokia, laguntza, datu-bilketa, gizarte-eragileekiko koordinazioa eta indarkeria desagerrarazteko lana eskaintzen dituena, eta "Siendo Tú" Trans Pertsonen Elkartea, 26 urtera arteko trans gazteei eta haien familiei trantsizio-, nortasun- eta gizarte-sentsibilizazio-prozesuetan laguntzen diena. Erakunde horiek Gasteizko babes- eta aniztasun-sare komunitarioa indartzen dute.






