Clinical Imaging aldizkariak Ainhoa Viteri Araba ESIko erradiologoaren artikulua argitaratu du

Artikuluak mTOR inhibitzaileen biriketako toxikotasunaren eredu erradiologiko berri bat deskribatzen du lehen aldiz (batez ere giltzurruneko minbizirako erabiltzen diren farmakoak)

Ainhoa Viterik erradiologia taldean parte hartu du dokumentua aztertzeko eta idazteko, eta, gainera, azterketa diseinatzen eta egiten lagundu du Memorial Sloan Kettering Cancer Center New Yorkeko minbiziaren ospitale monografiko bateko Erradiologia Zerbitzuan egindako egonaldian.

"Tratamenduen toxikotasunaren adierazpen erradiologikoen ezagutzan aurrera egitea funtsezkoa da minbizian aritzen garen erradiologoentzat. Batzuetan, irudi-probek toxikotasuna detektatzen dute klinikoki agertu aurretik, eta onkologoei laguntzen diete behar bezala jarduten. Baina erradiologook toxikotasuna ondo ezaugarritzea lortzen ez dugunean, tratamendu eraginkorrak atzeratzea edo beharrik gabe etetea eragin dezakegu, edo proba osagarri gehiago egitea.

mTOR inhibitzaileak (everolimus eta tensirolimus) giltzurrunetako minbizian erabiltzen dira batez ere, eta jakina da pneumonitisa (biriketako toxikotasuna) sortzen dutela erantzun tumorala baloratzeko egiten diren oten azterketetan. Pneumonitisaren adierazpen erradiologikorik ohikoena beira deslustratuen opakutasunak dira, baina horiek diagnostiko diferentzial zabala dute. Eta pazienteen erdiek baino gehiagok adierazpen erradiologikoak badituzte ere, horiek ez dira beti adierazpen klinikoekin batera agertzen (hau da, ez dira garrantzitsuak), eta, beraz, sarritan ez dute tratamendurik behar, ezta farmakoa eten ere.

Azterlan honetan, farmako horiek etenik gabe eta dosia murriztu gabe jaso zituzten pazienteak aztertu ditugu, eta ohi baino modu intentsiboagoan jarraitu zieten irudiei. Pneumonitisaren zantzu erradiologikoak zituzten pazienteen % 60k baino gehiagok afekzio gorabeheratsua izan zuten, eta erasandako eremuak berez hobetzen ziren eremu berriak erasaten ziren bitartean, hori azaltzen zuen beste kausarik ez zegoenean (pazienteek ez zuten oinarrizko patologiarik, infekzio- eta tumore-jatorria baztertu zen, eta ez zuten esteroide edo antibiotiko bidezko tratamendurik jaso). "

Ainhoa Viteri
Araba ESIko erradiologoa