Eva Blanco, Araba ESIko administrariak, ahozko komunikazio onenaren lehen saria jaso du

Ekainaren 7an eta 8an, «Osasunean talentua emanez» goiburupean, Osasuneko Administrarien Elkartearen XIII. Jardunaldiak egin ziren Elxen

Elxeko biltzar-zentroak Osasuneko Administrarien Elkartearen Jardunaldien edizio berri bat hartu zuen. Bertan, osasuneko administrariei gaur egun eragiten dieten gaiak nabarmendu zituzten.

Jardunaldiak programa dinamikoa izan zuen, edukiz eta ideiaz beterikoa, eta, batez ere, etorkizunari eman zitzaion garrantzia, osasuneko administrarien profesionalizazioa lortzea helburu duen etorkizunari, hain zuzen.

Ahozko komunikazio onenaren lehen saria

Eva Blanco, Araba ESIko administrariak, komunikazio onenaren lehen saria jaso zuen «Kudeaketarik onenaren bila, mundu birtualean» izeneko komunikazioari esker, eta Osasuneko Administrarien Elkartearen Espainiako Kongresuaren 7. edizioan parte hartzeko aukera lortu zuen.

Aurkezlea: Eva Blanco.

Egileak: María Carmen Fernández, María Teresa Rubín, Loli Pereiro, Olga Cereijo y Sergio García.

Lan horrek egunerokotasunean gertatzen diren zenbait egoera azaltzen ditu: zitak ematearen zailtasunak, arazoak azkar ebatzi beharra, sendagaien edo erizaintzako prozeduren inguruko zalantzak, sendaketak, etab.

Horri guztiari aurre egiteko, komunikazioan bi irtenbide proposatzen dira; batetik, agenda birtualak, pazienteen zalantzak gehienez ere 48 ordutan argitzeko; eta, bestetik, Lync bat-bateko mezularitza-programa, berehala argitu behar diren zalantzen kasuan erabiltzeko.

Hala agenda birtualak nola Lync programa bilatzen genituen helburuak betetzen ari dira:

  • Bi metodoek bat egiten dute erabiltzailea gogobetetzeko.
  • Telefono bidezko arretan atzeratzeagatik egiten diren erreklamazioen kopuruak nabarmen egin du behera.
  • Erakusmahaietako deiak murriztu egin dira, arreta pertsonalizatua hobetuta.
  • Agendak optimizatu dira.
  • Talde-lanak onura handiak ekarri ditu.

Proiektu honek erakusten du zer-nolako garrantzia duen lehen mailako arreta eta arreta espezializatua batzea, talde-lanak pazienteen mesederako emaitza onak lortzea ahalbidetzen baitu.

Halaber, Araba ESIko administrariek hainbat poster aurkeztu zituzten:
  • Zainketen Bikaintasunarekin Konprometitutako Zentroak. Administrarien ekarpenak eta konpromisoa.

Araba ESIk Zainketen Bikaintasunarekin Konprometitutako Zentro izateko zortzi hautagaitzetako bat lortu zuen 2018an, eta, hala, unitateetan eta laguntza-zerbitzuetan ebidentzian oinarritutako gomendioak txertatzearekin lotutako aldaketa zuzentzeko konpromisoa hartu zuen, profesional asistentzialak zein ez-asistentzialak inplikatuta.

Proiektuak ideia berriak sortzen ditu, eta administrarien konpromisoaren inguruan hausnartzea eragin du. Horregatik, proiektuaren fase guztietan sartu da, bere egitekoa gauzatze aldera.

Aurkezlea: Taki Gómez.

Egileak: Eustaquia Gómez, Luz Belinda Fuentes, Ana María Argote, Teresa Fernández de Corres, Teresa Pérex eta Nerea Gutiérrez.

  • «Esker on» aintzatespena. Aintzatespena Araba ESIko profesionalei.

2016ko abenduan, sortu berri zen Araba ESIko Zuzendaritzak berrikuntzak egitea erabaki zuen, eta, horretarako, Esker on aintzatespenen ekitaldia antolatu zuen. Jardunaldiaren helburua zen Araba ESIren irudia zientziako foroetan edo beste edozein topaketa instituzional edo sozialetan zabaltzen lagundu zuten pertsonak edo taldeak aitortzea.

Lanean, ekitaldi horretan parte hartzen duten administrarien kopurua aztertzen da.

Aurkezlea: Teresa Fernández de Corres

Egileak: Teresa Fernández de Corres, Luz Belinda Fuentes, María Mercedes Díaz, Carolina Angulo, Cecilia Ibarrondo eta Laura Ortiz de Urbina.

  •  Zure iritzia ezagutu nahi dugu – Profesionalek zerbitzu ez-sanitarioekiko duten gogobetetasun-maila.

Abian jarri da web-tresna bat, Araba ESIko profesionalek zerbitzuen inguruan duten iritzia neurtzeko inkestak bete ditzaten eta iradokizunak egin ditzaten. Horren bidez, erakundeko profesionalek kanpora ateratako zerbitzuekiko duten gogobetetasun-maila azter daiteke, modu erraz, azkar eta bisualean. Gainera, aukera ematen du ezarritako helburuak hobetzeko neurriak hartzeko eta euren iritziak etorkizuneko espedienteen oinarri teknikoetarako kontuan izateko.

Aurkezlea:  Ana Argote.

Egileak:  Ana Argote, Laura Bully, Iñigo Santamaría, Fernando Encinar, Teresa Pérex eta Juan Carlos Fariñas.