Araba ESIko Neurologia Zerbitzuko erizaintza-taldeak komunikaziorik onenaren saria jaso du Sevillan

Taldeak bere komunikazioa aurkeztu zuen Sevillako Caixa Fórum gunean ekainean egin zen Espainiako Neurozientzietako Erizaintza Elkartearen XLII. Biltzarrean

Topaketa-foro horrek «Humanizazioa zainketetan. Bikaintasunerako bidean» izan zuen goiburutzat, eta, zainketetako humanizaziotik abiatuta, pazienteen segurtasunarekin, ikerketarekin, zaintzailearen zainketarekin eta osasuna mantentzearekin lotutako gaiak jorratu zituzten.

Komunikaziorik onenaren saria

Neurologia Zerbitzuko erizaintza-taldeak komunikaziorik onenaren saria erdietsi zuen “Disfagia, la eterna desconocida” lanari esker.

Lana egiten honako hauek aritu dira: Sarah Pascual, Elena Folguera, Soraya Isidro, Maider Jiménez de Vicuña, María Pérez eta Sandra Pérez, Araba ESIko erizainak eta Amaia Gómez de Balugera, Neurologiako solairuko gainbegiralea, laguntzaile eta ideiaren sustatzaile gisa parte hartuta.

Aurkeztutako komunikazioa irensketari buruzkoa da; prozesu konplexua da, substantziak ahotik urdailera igarotzean datzana. Irensteko zailtasun edo ezintasunari disfagia esaten zaio, eta prebalentzia handiko arazoa da gaixotasun neurologikoetan, bereziki istripu zerebrobaskularreko diagnostikoa duten pazienteen artean (GHI). Gainera, disfagiak nahasmenduak ere badakartza pazienteen eta senideen bizi-kalitatera, eta konplikazio larriak ere eragin ditzake, morbimortalitatea handituta ondorioz.

Behaketa bidezko azterketa analitiko transbertsala da, patologia neurologikoa duten 80 pazienteri eta haien senideei 2019ko urtarriletik otsailera arteko 30 eguneko aldian banatutako galdetegi anonimoen bitartez bildutako datuetan oinarriturik. Komenientziaren araberako laginketa bidez hautatu ziren paziente horiek.

Lanak helburu hauek izan zituen: disfagiaren ezagutza-maila ebaluatzea patologia neurologikoa duten pazienteen eta haien senideen artean; hutsune handien antzemandako arloetan eragitea informazioa zeharkako bideen bitartez zabalduz eta osasunaren arloko profesionalei disfagiari buruzko prestakuntza ematea.

Lanaren ondorioetan aditzera eman zen disfagia prebalentzia handiko arazoa dela gaixotasun neurologikoetan, eta balitekeela ondorio larriak ekartzea. Horrez gain, galdetegia egin zuten pertsonen artean nahasmendu horri buruzko ezjakintasun handia zegoela ere antzeman zuten. Nolanahi ere, arazoari buruzko informazio gehiago eskuratzeko jakin-min handia ere ikusi zuten; funtsezkoa da, horrenbestez, irensteko arazo edo trabekin lotutako nahasmendu honi buruzko heziketa egokia ematea osasun arloko langileei.