“Kalitatezko zerbitzu sanitarioa eskaintzea guztion ardura da”

Araba ESIko Erizaintzako zuzendaria den Nerea Gutiérrezekin hitz egin dugu

Hitz egin dezagun zure hasierak eta urte hauetako bide profesionalez.

Vitoria-Gasteizko Erizaintza Eskolan egin nituen Erizaintza ikasketak eta Erizaintzan Diplomatura 1999an lortu nuen, halere 2000. urtean hasi nintzen lanean Europar Erizaintza Ikasketak (ENI) bukatu eta gero. Nire lehen lana San Prudentzio Egoitzak antolatzen zituen egonaldi motzetan izan zen, lan mardula egin genuen bertan hilabete batean profesional talde bikain batekin, oroimen ederra daukat. Handik aurrera… zaintaldea, farmazia, onkoa, eguneko ospitale onkologikoa, dena Txagorritxun. Ondoren lau urte pasatu nituen San Prudentzio egoitzan eta handik Arabako Eskualdera pasatu nintzen, bederatzi urtez egon nintzen Aranbizkarra I Osasun Zentroan. Nire oroimenak oso onak dira, profesional bikainak, elkarkidetza, barreak eta gure lana oso ongi betetzeko nahia.

Europar Erizaintza Ikasketak (ENI), Zer da hori?

Gasteizko Erizaintza Eskola Utrecht eta Brightoneko Erizaintza Unibertsitateekin batera aurrera eramaten zuten esperientzia bat zen. Ikasketa hauek unibertsitatean hasten ziren, gero Diplomaturarekin bateratzen ziren, eta hirugarrenen kurtsoan, Erresuma Batuan egin genituen praktikak, nire kasuan Eastbourneko NHSko ospitale batean, eta gero, laugarren maila bat bazegoen eta horretan Ikerkuntza, Irakaskuntza, Kudeaketa eta Erizaintza Aurreratua ikasten genuen. Dena den, hoberena izan zen hainbat herrialde europarren erizaintza ezagutzea (Erresuma Batua eta Herbehereak), berdintasunak eta desberdintasunak aztertu, eta testuinguru kultural, legislatibo, sozial eta profesionalean ulertzen saiatu. Erizaintzaz asko ikasi banu ere, neure buruaz, gehiago. Hor kanpoan hainbat erizain geunden gogor lan egiten eta halaber esperientziaz gozatzen.

Nola islatu da ikasketa hau zure bizitza profesionalean eta zer nolako eragina dauka gaur egun duzun lanpostuan?

Erizaintza bizitzako ikasketa galanta izan da niretzat. 18 urterekin, lehenengo praktiketan hasita, giza-egoera oso gogorrei egin behar diezu aurre, pertsonen sufrimendua ezagutzen duzu, berri txarrak, heriotza… eta ezin duzula ihes egin konturatzen zara erizainaren tokia hori baita, artatzen dituzun pertsonen ondoan, dauden tokian daudela, ospitalizazio solairuan, larrialdiko esku ohean, kontsultan, haien etxean… Honekin guztiarekin hainbat egoeraren aurrean gizakiak dituen erantzunak entzuten, ulertzen edo ondorioztatzen ikasten duzu, eta batez ere, pertsona bezala hazi egiten zara.

Gainera, nire kasuan, ENIren eskarmentua izanik, hasieran asko lagundu zidan niretzat erronka handiak izan zirenen aurrean beldurra kentzera: etxetik kanpo lan egitea, nire ama hizkuntza batean ez zen inguruan, eta baita erizaintzako alor nagusiak esperimentatzera. Honek erraztu dit formakuntza ematea, bai gradua baino lehen, gradu ondoren, unibertsitatean, Osakidetzan, Gurutze Gorrian, eta baita etxeetan laguntza ematen duten enpresetan ere. Garai horretan bizitzan erronka handiak zituzten pertsonak ezagutu nituen. Ikerketan esperimentatzera lagundu zidan, eta erizaintzari buruzko ikerketa txiki zein handi proposatzera, bakarrik edo taldean. Kudeaketa munduan ere murgildu nintzen eta Lehen Mailako Arretan erizaintza arduraduna izen nintzen, Osasun Sailan lan egin nuen eta horrek osasuna ikuspuntu makro batetik ikustera eraman ninduen, oso aberasgarria, eta orain… orain inoiz pentsatzen ez nuen bizitza profesionaleko erronkarik politena, aberasgarriena, neketsuena, eta agorrezina bizitzen ari naiz.

Bizitzan ikasi eta ahantzi edo “des-ikasi” dudan guztiak eragina dauka osasuna, pertsonei arreta, aniztasuna, multidiziplinario izatea, erizaintzak daukan potentziala eta sisteman talde profesional bakoitzean dagokion lekuari buruz daukadan ikuspuntuan.

Erizaintzako zuzendari gisa jarri dituzun bi erronka nabarmendu beharko bazenitu, zeintzuk izango lirateke?

Bi bakarrik? Ba bi erronka handienak lehenetsiko ditut, Erizaintza Zuzendaritzaren kudeaketa-plan osoa barne hartzen dute eta:

  1. Osagarritasun profesionala: Araba ESIk lantalde profesional ugari ditu eta, Erizaintza Zuzendaritzaren barruan, beste zuzendaritza batzuetan ez dagoen aniztasun aberasgarria dago. Profesional horiek guztiek gaitasun zehatzak dituzte eta, beraien arloetan, onenak dira. Beraz, Zuzendaritzari dagokio hori horrela izan dadin laguntzea eta erraztasunak ematea, eta profesional guztiek lantalde profesional bakoitzaren gaitasunak nahiz erantzukizunak ezagutu eta uler ditzaten laguntzea (bakoitzarenak eta besteenak), hala, Arabako biztanleei eta gure erakundera datozen guztiei eskaintzen diegun arreta kalitatezkoa, antolatua eta efizientea izan dadin.
  2. Erizaintza Zuzendaritzako profesionalen ikusgaitasuna/lidergoa: garrantzitsua da produktu sanitarioa lortzeko beharrezkoak diren edozein fase edo mailatan arreta jasotzen duten pertsonek ikustea Erizaintza Zuzendaritzak kudeatzen dituen profesionalak trebatuta daudela, efizienteak direla eta egiten dutena eta apur bat gehiago egiteko gai direla. Hori lortzeko, gure zerbitzuen eskaintza ezagutu behar dute pertsona horiek, eta guk erakutsi, defendatu eta ahotsa goratu behar dugu, gure helburuak lortzeko eta aldaketa eta etengabeko hobekuntza bultzatzeko, eta nabarmendu behar dugu, emaitzak eskuratzeko, zaintzaren kalitatea itxarote-zerrenda, mediku profesionalen kopurua, ekipamendu teknologikoa eskuratzea edota zerbitzu sanitarioak areagotzea bezain garrantzitsua dela.
Erizaintzaz ari garenean, zure iritzian, zer alderdi zaindu beharko genuke gehien?

Hain dira garrantzitsuak hizkuntza, komunikatzeko modua eta edukia… Erizaintzaren kasuan, profesionalen ikusgaitasuna islatzen du horrek guztiak, eta horregatik jarri behar dugu arreta gai horretan, bai erizaintzaz hitz egiteko modua aldatzeko, baita esaten dutena entzuteko eta zergatik esaten duten aztertzeko ere.

“Ezagutza zientifikoa daukagu, eta horretan oinarrituta dago egiten duguna; gainera, laguntza humanizatzeko ikuspegitik eskaintzen dugu arreta”

Izan ere, ez da ezer edo ia ezer entzuten Erizaintza Zuzendaritzako zenbait kolektiboren inguruan. Erizainei dagokienez, oso gutxi hitz egiten da haiei buruz eta, batzuetan, hobe da esaten dutena ez entzutea, konnotazio sexista eta matxistetan oinarritzen delako. Horrela, balioa kentzen zaio zaintzari, erizainen autonomia profesionala neurri handiagoan edo txikiagoan zaintzen da edo aingeruak bezala kontzeptualizatzen dira (onberatasunez beteriko pertsonak, irribarre egin eta eskua ematen dutenak). Eta hori guztia ez dago gaizki, baina gehiago dago. Ezagutza zientifikoa daukagu, eta horretan oinarrituta dago egiten duguna; gainera, laguntza humanizatzeko ikuspegitik eskaintzen dugu arreta.

Albiste zaharkitua dirudi, baina ez da, inondik ere. Duela gutxi, irratian entzun nuen helikoptero batek istripu bat izan zuela eta mediku bat hil zela. Albistea amaitzerakoan, esan zuten medikua ez ezik, erizaina eta bi pilotuak ere hil zirela. Albistea tristea da, baina lau lagun hil badira, titularra ezin da izan mediku bat zendu dela. Googlen ere egin daiteke proba: gaztelaniazko «enfermera» hitza bilatuz gero, bosgarren irudiko erizainak kofia dauka jantzita, eta bosgarren irudian erizain sexyaren mozorroa agertzen da.

Hori kenduta, badirudi erizaintza, lanbide gisa, oro har, eta zehazki Osakidetzan eta Araba ESIn, egoera onean dagoela. Hala al da?

Egungo egoera ezin hobea da, zenbait alderditan. Egia da oraindik zenbait sinesmen zaharkitu ditugula, eta eragina dutela maila askotan, baina profesionalok unea aprobetxatu behar dugu, gure lankide batzuek hasi zuten lanarekin jarraitzeko eta, hala, honelako kolektiboek lortu behar duten garapen profesionala, lidergoa eta ikusgaitasuna eskuratzeko.

Europako beste toki batzuetan, oraindik gure ingurunean ez ditugun zerbitzu sanitarioez arduratzen dira erizainak. Edonola ere, gure testuinguruan, lorpen asko erdietsi ditugu; adibidez, sarbide baskularrez, ostomiez, zauri kronikoez eta abarrez arduratzen diren erizaintza-taldeak ditugu. Alabaina, eboluzionatzen jarraitu behar dugu, Erizaintza Zuzendaritzako profesionalak gai direlako, ingurune askotan, kalitatezko zerbitzu autonomoa nahiz elkarlanekoa emateko. Sinetsi egin behar dugu, aliatuak bilatu eta suertatzen diren aukerak aprobetxatu. Gaur egun, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ildo estrategikoek profesionalen gaitasunak garatzearen alde egiten dute, eta soilik katarroak kudeatu ordez, ezin pentsatuzko mugetaraino zabaldu behar dugu. Erizaintzako profesionalek hainbat eremu hartu behar dituzte beren gain; besteak beste, patologia kronikoak dituzten pertsonak, erabilerraztasuna, pertsonengan oinarritutako arreta, herritarren parte-hartzea, integrazio profesionala, zaintzaileak, laguntza humanizatzea eta laguntzaren kalitatea.

Azken urteotan, ikusi dugu Erizaintza Zuzendaritzak Erizain Open Space antolatzen duela. Zertan datza?

Erizain Open Space Erizaintza Zuzendaritzak antolatzen duen jardunaldi bat da. Bertan, kezkatzen gaituzten gaiak jorratzen ditugu, ondoren, Araba ESIko profesionalek parte hartuta lantzeko. Orain arte bi jardunaldi egin ditugu: lehenengoan, Zuzendaritzako maila ertaineko arduradun guztiek parte hartu zuten, eta kudeaketa-plana lehenetsi genuen; bigarrenean, aldiz, zenbait arduradunek eta erakundeko proiektuen buru batzuek parte hartu zuten, lidergoa lantzeko eta azken horiei laguntzeko. Jardunaldiaren aurretik, landu nahi dugun gaiaren inguruko inkesta bat prestatu eta profesional guztiei bidaltzen diegu, eta, ondoren, jardunaldian, erantzunak aztertzen ditugu.

Oso harrera ona duen jardunaldia da, hurrengo urtean lantzeko ideiak nahiz tresnak bildu eta antolatzen laguntzen diguna. Ahalegin handia egin behar dugu, baina, orain arte, benetan merezi izan digu.

Lehen, erronkei buruz hitz egin dugu; gatozen, orain, funtsezko alderdietara. Zure ustez, zeintzuk izango lirateke Erizaintza Zuzendaritzaren kudeaketa-plana gauzatzeko funtsezko tresnak?

Uste dut argi dagoela: talde-lana eta konpromisoa. Funtsezko alderdi horiek erabat ukiezinak dira, eta irakurriz ikasteko, seguruenik, zailak; baina landu egin behar ditugu, garapenean, ikusgaitasunean, ordezkaritzan eta indarrean aurrera egiteko. Klixeak apurtzeko eta ezagutzaz beteriko profesionalek pertsonei kalitatezko arreta ematearen alde lan egiteko gakoak dira, profesionalek herritarrentzako, ekonomiarako, gizarterako, kulturarako eta herritarren osasunerako soluzio efizienteak, kalitatezkoak eta asegarriak eskaintzen dituzte eta.

Ikusgaitasuna, aitorpena eta aurrerapena gu guztion erantzukizuna dira; horregatik, ezinbestekoa dugu bide honetan aurrera egiteko jarritako helburuak eta proiektuak lortzen lagunduko diguten erraztaileak aurkitzea.

Bi gakoak Araba ESI zainketen bikaintasunarekin konprometitutako zentro gisa –BPSO– egiaztatzeko proiektuaren oinarri dira.

Araba ESIren albiste askotan ikusi dugu proiektu hori. Zergatik da BPSO hain garrantzitsua Erizaintza Zuzendaritzarentzat?

Erizaintza Zuzendaritzaren estrategia osoa barne hartzen duelako. Erizaintzak zuzentzen duen nazioarteko proiektu bat da. Espainiako estatuan, Osasun Zainketen Ikerketa Unitateak (Investén-isciii); Ebidentzian Oinarritutako Osasun Zainketarako Espainiako Zentroak (CECBE) eta Ontarioko Erizainen Elkarteak (RNAO) koordinatzen dute. Araba ESIren kasuan, ESI honetako erizainek zuzentzen dute, baina asmoa da diziplina guztietako profesionalek parte hartzea, herritarren osasunarekiko arreta ezin delako bestelakoa izan. Hirugarren kohorterako hautatu gintuzten, eta urtebete baino gehiago eman dugu proiektuan lanean. Helburua da, 2020. urtean, egiaztapena lortzea.

BPSOk, behar bezala ezarrita dagoen metodologia espezifiko baten bitartez, ebidentzian oinarritutako gomendioak jartzeko aukera ematen digu. Baina ez hori bakarrik; proiektuak, oro har, dokumentazio zientifikoa berrikusi, gomendioak hautatu eta sartu behar diren testuingurua aztertzen duen prozesu bat ezartzen du. Horrela, egokitutako inplementazio-estrategia bat diseinatzen da, eta erizaintzako zainketak eskaintzen dizkiegun pertsonen osasunean duen eragina ezagutzeko ebaluazio-metodologia bat ezartzen da. Ebidentzia zientifikora hurbiltzen ditu Erizaintza Zuzendaritzako profesionalak, eta talde-lana, zainketekiko konpromisoa, erabakiak hartzea eta etengabeko hobekuntza sustatzen ditu. Ikusgaitasuna ematen dio kolektiboari, erizaintzako zainketen eragina neurtzen laguntzen du, profesionalak mobilizatu eta adoretzen ditu eta, batez ere, herritarren osasunari egiten diogun ekarpenean dugun parte-hartzea identifikatzeko eta defendatzeko segurtasuna geureganatzen laguntzen digu.

Proiektua poztasuna eragiten ari da profesionalengan eta, hasierako fase hauetan, gehien pozten nauena da. Hemendik aurrera, proiektuan aurrera egiten jarraitu eta lanbidearen eta Araba ESIren eremu guztietara eraman behar dugu.

Zer-nolako bilakaera izan du erizaintzak azken urteetan?

Bilakaera izan du, eta bilakaera izaten jarraitzen du; uste dut egoeretara eta beharretara egokitzeko etengabe berrasmatu den lanbide gutxienetariko bat dela. Horrek balio handia ematen dio, baina ikuspegi batzuetatik, seguruenik, ahulezia gisa interpreta daitekeenez, indar bihurtu behar dugu. Lanbide honek garatzeko aukera mordoa ditu; aukera horiek guztiak oso espezifikoak dira, eta zaindu egin behar dira, lanbidea ikusteko era jeneralista batetik gaizki interpreta baitaitezke. Laguntza-maila bakoitzak besteek ez bezalako ezagutza, trebetasuna eta erantzukizuna behar ditu. Lehen Mailako Arretan, erizainek eta laguntzaileek herritarrei oro har zuzenduta dauden eta hezkuntzan oinarritzen diren gaitasunak dituzte, pertsonen osasunari eusten laguntzeko eta haien inguruneetan beren egoerak aukera ematen dien bezain beste gera daitezen; eta, hori guztia, komunitatearen ikuspegitik. Herritarren ikuspegia ez da birziklapenetik edo dokumentazioa berrikusita eskuratzen; dena da lagungarria, baina, arrazoiren batengatik, erizaintza ministerioak aitortutako espezialitate gutxienetariko bat da. Ospitaleen edo kanpoko kontsulten kasuan, Erizaintza Zuzendaritzako profesionalen gaitasunak ezagutza teknologiko handiagoarekin eta egoera konplexuei erantzun azkarrak ematearekin lotuta daude, helburu izanik pertsonei beraien ingurunera itzultzeko aukera ematen dien osasun-maila berreskuratzen laguntzea. Osasun-egoera guztiak barne hartzen dituzte, egoera desberdinak eta baliabide oso desberdinak dituztenak eta hain aberasgarria, beharrezkoa eta baliotsua egiten dutenak.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

“Nire ustez, egungo egoera kontuan hartuta, erabaki ausartak behar dira, eta bulkada hartu eta ideia apurtzaileak onartu behar ditugu”

Ba, espero dut koloretsua izatea. Nire ustez, egungo egoera kontuan hartuta, erabaki ausartak behar dira, eta bulkada hartu eta ideia apurtzaileak onartu behar ditugu. Beharbada, premia handiagoa dago Lehen Mailako Arretan. Duela gutxi, Alma-Ata berrikusten ari nintzen lankide batzuekin. Gauza asko gertatu da 1978az geroztik; ez da erabat zabaldu, eta 1978ko biztanleria eta gaur egungoa –40 urte igaro dira– oso desberdinak dira. Horregatik, adierazpen horren inguruan hitz egiteari utzi eta Lehen Mailako Arretako eredu berri bat pentsatzen hasi behar dugu, beharrei eta errealitate sozialari erantzungo diena, lanbideen aurrerapenera egokituko dena, esperimentatu dena ikasi eta hobetuko duena, ausartu eta berrituko dena, egoak alde batera utzi eta beldurrei aurre egingo diena. Espero dut egun batean posible izatea.

Kalitatezko zerbitzu sanitarioa eskaintzea guztion ardura da; profesionalena, helburu indibidualistak alde batera uzteari dagokionez, eta, herritarrena, eskakizunak eta eskaerak era ordenatuan eta arduratsuan egiteari dagokionez.