Bioarabak, ostegun honetan, urriak 25, XIX. Ikerkuntza eta Berrikuntza Jardunaldiak ospatuko ditu, osasun arloko profesional eta ikertzaileentzat zein herritarrentzat

Ekitaldia Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian izango da

Goizean, osasunaren eta ikerkuntzaren arloko profesionalen arteko topaketan, ezagutzak eta esperientziak elkartrukatuko dira lan-mahai desberdinetan. Helburua lankidetzan oinarritutako ikerkuntza proiektu berriak sortzea izango da. Ondoren, Ezagutzaren Azoka izango da, alegia, Arabako biomedikuntzaren arloko enpresak eta ikertzaile taldeak harremanetan jartzeko topaketa

Jardunaldi hauen barruan, Herritarren Topaketa izango da arratsaldez, ondoko izenburupean: “Osasuna eta generoa”, osasunaren arloko genero-ikuspegiaren inguruko iritzi partekatu bat, lau profesionalen eskarmentutik abiatuta

Ezagutza berria sortzea da ikerkuntzaren helburua. Berrikuntzak, bere aldetik, ezagutza hori eraldatzen du hainbat produktu, prozesu eta zerbitzu sorrarazteko. Eusko Jaurlaritzaren Osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntzarako 2020ko Estrategiak pertsonen eta osasun sistemaren beraren osasuna hobetzen lagundu nahi du, eta horretarako, unibertsitatearekin, eragile zientifiko eta teknologikoekin zein industriarekin lankidetzan aritzen da, balio eta garapen sozio-ekonomikoa sorrarazteko.

Ildo horretan, Bioaraba-ko XIX. Ikerkuntza eta Berrikuntza Jardunaldiak foro ezin hobea da, gure osasun-erakundean ikerlanean aritzen diren profesionalak Euskal Herriko Unibertsitateko edota osasun arloko I+D+i enpresetako profesionalekin zein herritarrekin topatu daitezen.

Jardunaldien lehen zatian, osasunaren eta ikerkuntzaren arloetako profesionalek ezagutzak eta esperientziak elkartrukatuko dituzte workshopak bezalako lan-mahai sistematizatuetan, lankidetzan oinarritutako ikerkuntza proiektu berriak sortzea xede. Aurten, ikerkuntza biosanitarioaren alderdi oso interesgarriak jorratzeko 27 lan-mahai eratu dira.

Ondoren, Ezagutzaren Azoka izango da. Topaketa zientifiko horretan, harremanetan jarriko dira biomedikuntzaren arloko Arabako enpresa eta ikertzaileak helburu zehatz batekin: informazio zientifikoa elkartrukatuta eta elkarren arteko interesak bilatuta, berrikuntza sortzea.

HERRITARREKIN TOPAKETA

“Osasuna eta generoa”

Aurten, elkarte-mugimenduen bidez eta Vitoria-Gasteizko Osasun eta Kontsumoko Elkargunea-ren laguntzaz, herritarrek eurek aukeratu dute topaketaren gaia: “Osasuna eta generoa”, osasunaren arloko genero-ikuspegiaren inguruko ikuspuntu partekatu bat, lau profesionalen eskarmentutik abiatuta.

Topaketan ondoko profesionalek parte hartuko dute: Elena Aldasoro, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako Medikuntza Prebentiboan eta Osasun Publikoan espezialista; Maitena Monroy, Bilbao-Basurto ESIko Errehabilitazio Zerbitzuko Fisioterapeuta eta sexu-indarkerian espezialista; Marta Quintana, Araba ESIko Ginekologia eta Obstretizian espezialista; eta Ritxar Bacete, genero eta maskulinitateetako ikertzaile espezialista.

Topaketa ostegun honetan, urriaren 25ean, 17:30ean izango da, Europa Biltzar Jauregiko Vitoriako Frantzisko Auditoriumean. Sarbidea libre izango da plazak bete arte.

Jardunaldien barruan ere, osasun arloko Ikerkuntza eta Berrikuntza Sariak banatuko dira, jendaurreko sari-banaketa horren bidez, profesional ikertzaileen eta berritzaileen jarduna goraipatu eta bultzatzeko.