'Hobe da lo egitea entrenatzea baino', Carlos Egea San Mamesen

Araba ESIko Loaren Unitate Funtzionaleko buruak irailaren 30ean hartu zuen parte Athletic Clubeko Zerbitzu Medikoek San Mamesen antolatutako “Medicine, Science and Football” zikloaren bigarren edizioan.

“Recovery in football” lelopean, futbolarien errekuperazioa hizpide monografikoa izan zen jardunaldi osoan, errekuperazioko prozesuak modu integralean aztertze aldera. Nazioarteko topaketan, zenbait kirol taldetako 200 profesionalek baino gehiagok hartu zuten parte.

Jardunaldian, kirolarien, oro har, eta, batez ere, futbolarien errekuperazioarekin lotutako hainbat eremutako goi mailako profesionalak bildu ziren. Bertan, Carlos Egeak eta Tecnaliako Neuroteknologiako Lara Díaz de Greñu ikertzaileak "Hobe da lo egitea entrenatzea baino" mahaia konpartitu zuten.

Egeak loaren garrantzia, lo arazoak nahiz nahasmenduak, apnea... nabarmendu zituen. Izan ere, goi mailako lehiaketaren betebeharrek errendimendua hobetzeko esperimentazio arlo bihurtu dute kirolarien loa.

Baina lo egin bitarteko errekuperazio teknikak ez dira berriak. Hamarkada bat pasa da Real Madrileko Raúl González aurrelariak lo egiteko erabilitako ganbera hipoxikoa oso ezaguna egin zenetik. Sistema horiek altuera simulatu, odoleko globulu berrien kopurua areagotu, ahalmen fisikoa handitu eta ahaleginaren osteko errekuperazio hobea ahalbidetzen dute.

Orain dela urte batzuk, kirolari bakoitzaren banakako loaren profila egin behar zela konturatu ziren kirolean, tratamendu horiek entrenamendu saioetan aintzat hartze aldera. Jardun hori gero eta zabalduago dago goi mailako kirolarien artean, eta gero eta gehiagotan erabiltzen da soinean eramateko teknologia berriak ezartzean. Hain zuzen ere, erabiltzailearekin eta beste gailu batzuekin etengabe elkarreragiteko asmoz gorputzeko atalen batean daramatzagun tresna eta gailu elektronikoez ari gara.

Hainbat ikerketaren emaitzek egiaztatzen dute lo egokiak eragin ona duela trebetasunen garapenean; eta, kasu honetan, futbolean. Halaber, kronobiologiari esker, gehieneko ahalegin muskularra noiz gertatzen den jakin daiteke; eta, kronotipoei esker, jokatzeko unerik egokiena zein den.