Humanizazioa protagonista, topaketa eta hausnarketa-jardunaldi batean

Profesionalek, pazienteek, elkarteek eta herritarrek esperientziak eta proposamenak partekatu dituzte, osasun-arreta hurbilago, parte-hartzaileago eta pertsonengan oinarrituago baterantz aurrera egiteko

Arabako ESIak Osasun-arreta Humanizatzeko I. Jardunaldia ospatu zuen atzo. Ekimen horrek osasun-profesionalak, pazienteak, elkarteak eta herritarrak bildu zituen helburu komun baten inguruan: arreta hurbilagoa, errespetuzkoagoa eta pertsonengan oinarrituagoa eraikitzen jarraitzea. Jardunaldia bi saio bereizitan garatu zen.

Goizean zehar, jardunaldia erakundeko profesionalei zuzenduta egon zen, eta asistentzia-jardueran humanizazioa zeharkako elementu gisa txertatzera bideratutako esperientziak, proiektuak eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera izan zuten. Hainbat hitzalditan, komunikazioa, entzute aktiboa, laguntza eta pazienteen zein profesionalen ongizatea izan zituzten ardatz.

Arratsaldean, herritarrek hartu zuten protagonismoa. AUO Santiagoko areto nagusian saio ireki bat egin zen, eta bertan pazienteek, osasun-profesionalek eta elkarte-sareko ordezkariek hausnarketak partekatu zituzten pertsonen beharrei eta itxaropenei hobeto erantzungo dien arreta-eredu baterantz nola aurrera egin aztertzeko.

Topaketan, erakundearen Humanizazio Planaren ildo nagusiak eta asistentzia-esperientzia hobetzera bideratutako hainbat ekimen aurkeztu ziren. Jardunaldiko alderdi aberasgarrienetako bat osasunaren zaintzan inplikatutako eragile guztiak espazio berean biltzeko aukera izan zen. Elkarrizketa-mahaiek ikuspegiak eta esperientziak trukatzea erraztu zuten, eta agerian utzi zuten kalitatezko asistentzia ez dagoela bikaintasun klinikoaren mende soilik, baita asistentzia-prozesuaren une bakoitzean pertsonei laguntzeko, entzuteko eta ulertzeko gaitasunaren mende ere.

Programazioak kulturari eta arteei ere tartea gorde zien, ongizaterako eta humanizaziorako tresna gisa. Musikaren, poesiaren eta ikus-entzunezko sorkuntzaren esparruetako ordezkarien parte-hartzeak diziplina horiek osasun-ingurune abegikorragoak eta atseginagoak sortzeko egiten duten ekarpenari buruz hausnartzeko aukera eman zuen. Lehen edizio honekin, Arabako ESIak berretsi egin zuen pertsonak osasun-arretaren erdigunean jartzen dituen zaintza eta kulturarekin duen konpromisoa. Jardunaldian izandako parte-hartze handiak agerian utzi zuen profesionalen, pazienteen eta herritarren arteko lankidetzatik eraikitako asistentzia-eredu gizatiarrago, hurbilago eta parte-hartzaileago baterantz aurrera egiten jarraitzeko interes partekatua.