Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa Arabara ere zabaldu da

Araba ESIaren eta Arabako Errioxako ESIaren barruan dauden emakumeak pasa den astean hasi ziren emaginaren kontsultan proba egiteko gonbidapenak jasotzen; lehen fase honetan 440 izango dira

Gipuzkoak jarraitzen du programa zabaltzen eta Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako osasun-zentroetan ere hasiko dira azaroaren 30etik aurrera bertako kontsultetan hitzordua ematen

Programa ekainean abiatu zen, Debabarrenako ESIan, esperientzia pilotu gisa, eta xede den biztanleriaren emakumeetan % 73,5ra iritsi da

Osakidetzak, dagoeneko, hasi du Araban Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa zabaltzen; horretarako, 440 gutun bidali dizkie 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei. Gutun horietan, beren osasun-zentroko emaginarenera joateko hitzordua ageri zaie. Gutunak pasa den astean heltzen hasi ziren. Datozen egunotan, zehazki abenduaren 3tik aurrera, Lakuabizkarra, Salburua, Zabalgana eta Lezako zentroetan eta azaroaren 30etik Agurainen probak egiten hasiko dira; horien bidez, umetoki-lepoko minbizia garatu aurretik minbizi aurreko lesioak antzeman daitezke. Minbizi hori emakumeetan eragin gehien duen hirugarrena da.

Bestalde, programak jarraitzen du gaurtik aurrera Gipuzkoan ere zabaltzen; bertan pasa den ekainean jarri zen martxan, esperientzia pilotu gisa, Debabarrenan. 88 gonbidapen bidali zaizkie Debagoieneko ESIko emakumeei; horiei ere hitzordua jarri zaie, azaroaren 30etik aurrera Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako osasun-zentroetara bertaratzeko.

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur, proba hori egingo duen Araba ESIko zentroetako bat bisitatu du, Lakuabizkarrakoa. Bertan, lurralde horretan programa ezartzean “oso urrats garrantzitsua” ematen dela nabarmendu du; izan ere, horrelako jarduketen bidez, “minbizitik bizirik irteteko tasak handitzen laguntzen ari gara”. Sailburuak berriz ere nabarmendu du Osakidetzak eta Osasun Sailak “prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarraren alde apustu egiten jarraitzeko” duten konpromisoa, “bai eta programa horietara berdintasun-baldintzetan jotzekoa ere eta, horrela, egon daitezkeen desberdintasunak saihestekoa”.

Zentrora eginiko bisitan, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusia, Fátima Ansotegi Osasuneko sailburuordea, Nekane Murga Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendaria, Andoni Arcelay Osakidetzako Osasun Laguntza zuzendaria eta Antonio Arraiza Osakidetzako osasun-eremua programen koordinatzaile korporatiboa ere izan dira.

Gaurtik aurrera Araba ESIan, Arabako Errioxako ESIan eta Debagoieneko ESIan ere zabalduko den programa pasa den ekainean abiarazi zen Debabarrenako ESIan, esperientzia pilotu gisa. Euskadi, gainera, populazio-ereduaren araberako programa hori ezartzea erabaki duen lehen autonomia-erkidegoetako bat izan da; prebentzio-jarduera horrek 25 eta 29 urte bitarteko emakume guztiak hartzen ditu, sistematikoki, eta, horretarako, banako gonbidapena egiten zaio emakume bakoitzari, proba egin ahal izateko.

Programa hori pixkanaka ari da ezartzen; lehen urte honetan, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeetan. Adin-tarte hori zabaltzen joango da, apurka, 2023. urtera arte; horrela, 65 urte arteko emakumeetara ere iritsi nahi da.

Datorren urtetik aurrera, gainera, Gipuzkoan oraindik zabaldu ez den ESIetara zabalduko da –Donostialdea, Goierri-Urola Garaia, Bidasoa, Tolosaldea–, bai eta Bizkaikoetara ere.

Debabarrenako ESIan ezarri ziren lehen hiru hilabeteetan, guztira 25 eta 29 urte bitarteko 1.113 emakumeri bidali zitzaien gonbidapena proba egiteko.  Xede den biztanleriko emakumeen % 73,5 bahetu da, eta probak, kasuen % 93an, emaitza negatiboa izan dute. Gainerakoak umetoki-lepoko patologiara bideratu dira edo proba errepikatuko zaie datorren urtean.

Biztanle guztientzako probak

Gaur egun, autonomia-erkidego gehienetan bezala, umetoki-lepoko baheketa Euskadin eredu oportunistaren arabera egiten da, alegia, pazienteak hitzordua eskatu eta kontsultara doala aprobetxatzen da proba egiteko. Formula horrek, hala ere, ez du babes egokia, eta kontsultara bertaratzen ez diren emakumeak zigortzea ekar dezake, batik bat nagusienak edo ikasketa-maila baxuagoak eta, beraz, informazio-kalitate baxuagoa dituztenak. 50 eta 64 urte bitarteko emakumeen % 16k proba hori sekula egin ez duela kalkulatzen da.

Aurrerantzean, umetoki-lepoko baheketa prozesu antolatua eta integratua izango da Euskal Osasun Zerbitzuan, eta, horren bidez, helburu den biztanleria osora heldu ahalko da: hiru lurralde historikoetako 25 eta 65 urte bitarteko emakumeak. Eredu horren bidez, gainera, proben kalitatearen kontrola ziurtatu, zelula anormalak edo giza papilomaren birusaren (GPB) presentzia detektatzen den kasuetan bideratzeko eta segimendua egiteko berezko zirkuituak ezarri, birdeia egiteko sistemak erabili eta proba aplikatzeko tartea errespetatu ahalko da.

Populazio-oinarriko baheketa berri horrez gain, bularretakoa eta kolon eta ondesteko minbiziarena ere badaude, eta hobekuntza esanguratsua dakar irisgarritasunari dagokionez. Hobekuntza hori Osasun Sailaren eta pazienteen elkarteen, kasu honetan FEKOORreko Berdintasun Batzordearen arteko elkarlaneko lanari esker gauzatu da. Horrela, programan parte hartzera gonbidatzeko gutunean, doako telefono-zenbakia eta/edo helbide elektronikoa ageri dira, irisgarritasun-arazorik izanez gero, horren berri emateko, emakumeari irisgarritasun-errealitate bakoitzera egokitutako zentro eta/edo kontsultetara joateko dei egin dakion.

Programaren funtsezko oinarri dira honako alderdi hauek:

  • Lehenengo eta behin, laborategi zentrala, kalitateko eta automatizazioko estandar altuekin, Donostiako ESIko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuan dagoena; bertara bidaliko dira lagin guztiak.
  • Lehen mailako arretarako emaginak izango dira laginak hartzeko, emaitzen berri emateko eta horiek ESIren ginekologiako kontsulta berezietara bideratzeko arduradunak, baldin eta azterlana osatu behar bada, arreta ingratuko eredua izanik.
  • ESIen ginekologiako zerbitzuek sarean lan egingo dute, koordinatuta, eta umetoki-lepoko patologiako unitate bereziei bideratuko dizkiete kasu konplexuak.
  • Planarekin batera, pazientearen historia klinikoan erabat integratuta dagoen sistema informatikoa dago; horren bidez, prozesu osoaren segimendua egin ahalko da, lehen mailako arretan sartzen denetik, alde espezializatura doan artekoa.
  • EAE mailan, eginiko baheketa-probak egin dituzten emakumeen kontrola egingo da, bai eta tratamenduena eta emaitzena ere, programaren segimendua eta ebaluazioa egiteko.

Zertan datza probak?

Azken bi hamarkadetan, azterlan ugarik giza papilomaren birusa (GPB) umetoki-lepoko minbiziaren ia kasu guztien eta zelula lokaletan (zitologia) aldaketak zehazten dituzten lesio aitzindariak eragiten dituen agentea dela egiaztatzen duen ebidentzia sendoa erakutsi dute. 2015eko Europako eta Espainiako gidetan adostasun orokorra dago 35 urtetik gorako GPB birusa zehazteko proba eta 25 eta 34 urte bitartekoen artean zitologia baheketa-programetan erabil daitezkeela. GPBa nagusia da 35 urtetik beherakoetan; beraz, emakume horietan zitologia egitea balioesten da, adin horretatik gorakoetan GPBa balioesten da eta, beharrezkoa izanez gero, zitologia ere bai.

Umetoki-lepoko minbiziaren baheketa bitarteko likido batean uzten den lagina batzea da. Daukagun laborategi berritzaileari esker, bi zehaztapen egin ditzakegu: zelulen analisia (zitologia) eta arrisku-maila altuko GPBren birusaren presentziaren analisia.