Araba ESIak jangela terapeutiko bat jarri du martxan elikadura-arazoak tratatzeko

Ekainaren 4an abian jarritako proiektuak elikagaiak berreztea, gizarte-hezkuntza eta pazienteen errekuperazio fisikoa eta funtzionala ditu helburu

COVID-19ren pandemiak bikoiztu egin du gure inguruko herrialde guztietako nerabeengan eragiten duen elikadura-jokabidearen nahasmenduen patologia. Nahasmendu horiek batez ere emakumeei eragiten diete.

Jangela terapeutikoa sozializazio-espazio bat da, non janaria osasun-iturri bihurtzen den. Ospitalearen eta etxebizitzaren arteko tarte bat, AUO Santiagoko 7. B solairuan, 9:30etik 16:30era.

Proiektuak elikagaiak berreztea, gizarte-hezkuntza eta pazienteen errekuperazio fisikoa eta funtzionala ditu helburu. Testuinguru horretan, elikadura-ohiturak eta jokabideak normalizatzearen alde egiten da, erritualak murriztu edo ezabatzearen alde, elikaduraren inguruko mito eta uste faltsuak desagerraraztearen alde, eta bizimodu osasungarriko ohitura eta estiloak sustatzearen alde, banakako eta taldeko dinamika psikohezitzaileen bidez.

Ekimen honen helburua pazienteen tratamenduak eta pronostikoa hobetzea da, eta, gainera, kasuen gorakadari erantzungo dio, batez ere osasun mentalean arreta behar atzeraezina duten adingabeei dagokienez. Era berean, esku-hartze komunitarioan oinarrituko da, nahasmendu horiek kronikotasunerantz eboluzionatu ez dezaten.

Jangela terapeutiko berria Araba ESIako Psikiatria Zerbitzuak gainbegiratuko du eta Psikiatria, Psikologia eta Osasun Mentaleko Erizaintzako hainbat profesionalek modu koordinatuan lan egingo dute Ospitaleratze Unitateko Haur Psikiatriako profesionalekin eta programa intentsiboko Psikiatria eta Psikologiako profesionalekin.

Diziplina arteko talde horrek arreta intentsiboa eta integrala eskainiko die osasun-arazo larriak dituzten paziente edota familiei. Tratatu gabeko elikadura-patologiaren ondorioak, fisikoak zein psikosozialak dira. Taldeak Pediatria eta Endokrinologia eta Nutrizio zerbitzuekin koordinatuta lan egiten du.