AUO-KO ERIZAINA NEPALGO LURRIKARAN

Naiara Morenok 28 urte ditu bakarrik. Baina Txagorritxuko AUOn lan egiten duen gasteiztar erizain honek eskarmentu gogorra du Hirugarren Munduan. Azkena Nepalgo lurrikara gertatu berrian.

Apirilaren 25ean, lurrak dar-dar egin zuen Asiako kontinenteko lurralderik pobreenetako baten lurzoruaren azpian. 7,8 graduko lurrikara —80 urte honetan izan den gogorrena—, 60 segundoan hiri osoak txikitu zituen, eta milaka laguni bizia kendu.

Hondamena gertatu zenerako, Naiara Everesten alderdian zegoen Be Human Nepal GKEarekin, herritarrei askotariko laguntza ematen. Dioenez, txinatar espedizio batekin elkartu zen, berehala, laguntza emateko. Gogorra izan zela aitortzen du. Nepaleraz dakienari esker, gainera, interprete ere aritu zen. Handik egun batzuetara, Gasteizera itzuli zen, maiatzaren 12ko erreplikaren aurretik.

Gorriak ikusi zituztela dio; antolamendu eskasa egon zen erreskaterako, orografia ere konplikatua du ("mendira iristea kosta egin zen") eta azpiegiturak ere urriak ziren.

Mendebaldera itzuli zen ("kostatzen ari zait hona berriz egokitzea"), baina haren gogoa herrialde erakargarri hartan dago oraindik.

Naiarak osasun-programak koordinatu ditu, eskolak eman dizkie emakumeei, prebentzio sanitarioak egin ditu... Eta eskola batean lan eta bizimodua egiten du, bi irakaslerekin, Everestetik hurbil, 2.500 metrora; handik, oinez bi egun behar dira hiria jo eta handik Katmandura hartzen den autobusera iristeko.

Arabar erizainak herrialde pobrea dela azaldu du. Lan egiten duen alderdian, orain hasi dira ura etxeetara eramaten. Arroza prestatzen dute, hura baita Nepalgo oinarrizko dieta, egurrarekin berotzen diren sukaldeetan. Eguzki-plaka kaxkar batek ematen die gutxieneko argiztapena, eta tartean-tartean, sakelakoa kargatzea lortzen dute.

Naiara 2013an joan zen Nepalera, eta ordutik, denbora gehiago pasatu du han hemen baino. Konturatzen da ez duela hango jende soil eta xaloaren bizimodua aldatuko. "Hura da haien errealitatea, kultura, bizitza", dio. Horregatik, eguneroko oinarrizko gauzetan hobetzen laguntzea da haren pretentsio bakarra; batez ere, osasun gauzetan. "Nepalera mendiagatik joaten da jendea, eta jendeagatik itzultzen da", esan du Naiarak pozik. Dagoeneko ari da noiz itzuliko pentsatzen.