Bioaraba loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen aplikazio bat garatzeko proiektu aitzindaria hartuko du

Gasteizko Udalaren laguntza izango du proiektuak, eta bi urteko lana izango da

Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifiko María Ángeles García Fidalgok eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, Sleep Smart City Vitoria-Gasteiz ikerketa-proiektua aurrera eramateko eta, hartara, loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen laguntzaile birtual bat garatzeko entsegu aitzindari bat egin dadin hirian. Araba ESIko Loaren Unitate Funtzionaleko buru eta Bioaraba Osasun Ikerketaren Institutuko ikertzaile Carlos Egeak ere parte hartu du ekitaldian. Bi urte iraungo duen lan baten abiapuntua izan da. Horren barruan, besteak beste, azterlan bat egingo da 202 pertsonako lagin batean, urtebetez monitorizatuko baita.

Proiektu honi esker, hiri osasungarrien buru izango da berriro ere Gasteiz, berrikuntzak ekarriko baititu hirietako osasun-politiken funtsezko esparru horretan, hau da, herritarren loaren kalitatearen arloan. Osakidetzaren ikerketa- eta berrikuntza-institutuetako bat den Bioarabako profesionalen ezagutza, lidergoa eta dedikazioa direla medio izango da hori posible. Orain ekingo diogun proiektu bateratuak aurrerapauso handia emateko aukera emango digu, bizi-kalitatea hobetzeko balioko duen tresna bat diseinatze aldera, eta aurrerapen horrekin uztartuta geratuko da hiria”, azpimarratu du Gorka Urtaranek, gaur ekin zaion lankidetza hori nabarmentzeaz gain, Gasteiz Green Deal hitzarmenean integratuko den ekintzetako bat izango baita.

Maria Angeles García Fidalgok, berriz, adierazi du erronka sozial handien konponbideak ikerkuntzaren eta berrikuntzaren eskutik etorriko direla, gizartearen partaidetza funtsezkoa izango bada ere, horretarako; zientzia eta gizartea elkarrengana hurbiltzeak inoiz baino zentzu handiagoa duela aurten, eta ikertzaileen, enpresen sektorearen eta herritarren arteko lankidetzaren adibide argia dela Sleep Smart City proiektua, zein Gasteizko Udalari esker jarriko baita abian.

Udal langile boluntarioekin egingo da aurreikusita dagoen azterlana. Bi lantalde aukeratu nahi dira, bakoitza 101 pertsonakoa, eta, horretarako, egin beharreko ikerketaren ezaugarrien berri emango da aldez aurretik. Lehendik loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabeko 18 urtetik 65era bitarteko gizon-emakumeek osatuko dituzte bi laginak.

Jarduera-eskumuturrekoaren eredu berri bat emango zaie boluntarioei, zeinek hainbat datu jasoko baititu, hala nola loaldiko mugimenduak, guztira zenbat denbora lo egiten den edo ematen den esnatuta, eta loaren efizientzia. Datu horiei beste batzuk gehituko zaizkienez —energia-gastua, bihotz-maiztasuna eta eguneko jarduera—, eguneko 24 orduetan eraman beharko da eskumuturrekoa, aplikazio mugikor batekin sinkronizatuta.

Astero, eskumuturrekoa dela medio, jarduera-datuak bilduko dira bi lan-laginetan. Talde batekoei, bildutako datuak aztertu ondoren, gomendio pertsonalizatuak helaraziko zaizkie, medikuek eginak, loaren kalitatea hobetzeko. Beste taldekoei ez zaizkie gomendio horiek emango.

Urtebetez iraungo dute datu-bilketak eta gomendio-bidalketak. Ondoren, azken neurketa bat egingo da, eta lortutako emaitzak alderatuko, behin betiko azterketari forma emateko. Horren guztiaren helburu nagusia da loaren inguruko laguntzaile birtual bat garatzea, zeinek gomendio banakatuak emango baititu, loaldia areagotu eta efizientzia hobetzeko.

Datuak bildu eta prozesatzean, uneoro errespetatuko da sortzen den informazio guztiaren pribatutasuna. Orobat izango dute aukera loa hobetzeko jarraibideak jasotzen dituen taldeko kideek mediku-taldearekin harremanetan jartzeko, sortzen zaizkien zalantzak argitzeko.

Proiektuak aurreikusitako helburuak lortzen baditu, herritar guztiei aplikatu ahal izango zaiela nabarmendu du Carlos Egeak, telemedikuntzarako tresna baliagarria izango dela, eta herritarren lo-arazoei ikuspegi zabalago batetik aurre egiteko aukera emango duela.

Halaber, Gasteizko Udalarekin elkarlanean arituko da Bioaraba, hark herritarrak sentsibilizatu eta prestakuntza emateko antolatzen dituen programetan —bizimodu osasungarriaren sustapena, loaren kalitatea hobetuz bizi-kalitatea hobetuko duten ohiturak eta portaerak bereganatzea—.

Osasun publikoaren arloko arazotzat jotzen da, mundu osoan, gaueko lo-eskasia. EAEko Osasun Inkestaren 2018ko datuen arabera, 7 ordu baino gutxiago lo egiten dute —hori da gutxienez lo egitea gomendatzen dena— Arabako gizonen % 23,2k eta emakumeen % 29,5ek, eta gorako joera ageri da kopuru horietan.

Loaren kalitate txarra erabakigarria da  errendimendu kognitiboan eta laneko produktibitatean. Era berean, % 10eraino igotzen da lo-eskasia duten pertsonen kasuan zenbait gaitz izateko arriskua, hala nola garuneko hodietako istripua, gaixotasun koronarioa, hipertentsio arteriala, obesitatea edo 2 motako diabetesa, baita hiltzekoa ere.