Bioarabaren Ikerketa eta Berrikuntzako XX. Jardunaldietan 400 profesional inguru bildu dira

Pasa den asteazkenean, azaroaren 20an, Bioarabaren Ikerketa eta Berrikuntzako XX. Jardunaldiak egin dira Europa Biltzar Jauregian

Arabako foro honek Arabako ESIn, Euskal Herriko Unibertsitatean, osasunaren arloko I+G+B enpresetan eta herritarren artean ikerketa-jarduera garatzen duten profesionalak biltzen ditu

Mª Ángeles García Fidalgo Bioaraba Ikerketa Institutuko zuzendari zientifikoaren ongietorriaren ondoren, jardunaldien inaugurazioa Ivan Igartua Ugarte EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak, María Aguirre Rueda Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak eta Juan Luis Diego Casals Osakidetzako zuzendari nagusiak egin zuten.

Jardunaldiaren lehen zatian, osasunaren eta ikerketaren alorreko 250 profesional inguruk ezagutzak eta esperientziak partekatu zituzten 15 lan-mahaitan, honako titulu iradokitzaile hauekin: "Vitoria Sleep Health Smart City project"; "Gehiegizko pisua eta haurren obesitatea. Indarrak batuz helburu komun baten alde";" Doitasunezko medikuntza onkologian" edo "Bioheroiak-Araban Hasiz", besteak beste.

Ondoren egindako Ezagutzaren Azokan, biomedikuntzako ikerketa-taldeak eta gure probintziako enpresak bildu ahal izan ziren informazio zientifikoa trukatzeko eta interes komunak bilatzeko.

Ondoren, Bioarabako eta Arabako ESIko Oftalmologiako, Anestesiako eta Psikiatriako profesionalek, bai eta Arabako Errioxako ESIko eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko profesionalek ere, 6 kasu arrakastatsuren azalpena egin zuten. Kasu horiek ikertzaileen eta enpresen arteko lankidetzari esker sortu diren oso proiektu interesgarriei buruzkoak izan ziren, eta jendearen artean harrera ona izan zuten.

Ikerketa eta Berrikuntzarako Sariak

Bioarabako Ikerketa eta Berrikuntza Sarien helburua da herritarren osasuna eta bizi-kalitatea lan zientifiko edo asistentzial hutsaren bidez ez ezik, gizarte-ekarpen egoki baten bidez ere hobetzean zuzenean eragiten duten pertsonak eta erakundeak aitortzea eta bultzatzea.

Osasun sailburua, Nekane Murga, arduratu zen sari horiek emateaz, modalitate hauetan oinarrituta:

  • Egindako ikerketa-lanak: artikuluak, posterrak eta ahozko komunikazioak.
  • Ikerketa-proiektuak.
  • Berrikuntza-proiektuak.
  • Ikertzaile emergentea.
  • 2018ko doktorego-tesiak.
  • Ideia berritzaileak.

Era berean, Jesus Larrañagak, Arabako ESIko zuzendari kudeatzaileak, 10 denbora-bonu eman zituen ikerketarako eta 5 denbora-bonu berrikuntzarako.

Herritarrekiko topaketa: "Haurtzaroa eta Osasuna"

Arratsaldean, Francisco de Vitoria Auditorioan, Francisco Javier de Arístegui EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Pediatriako katedradunak txertaketaren garrantzia gomendatu zien bertaratutakoei, gaixotasunak desagerrarazteko prebentzio-neurri gisa.

Iñaki Zorrillak, Arabako ESIko psikiatriako espezialistak eta UPV/EHUko irakasle elkartuak eta Bioarabako saio klinikoen ikertzaile eta koordinatzaileak, txikienen arreta erakarri zuen. Berak haur eta gazteen adikzioak aztertu zituen, hala nola mugikorrekiko eta drogekiko adikzioa.

Azkenik, Iratxe Salcedo Arabako Errioxako ESIko pediatra gazteenekin aritu zen, elikadura osasungarriaren jarraibideak sustatzeko.

Herritarrak protagonista dituen topaketa horren esparruan, 2018-2019 ikasturtean Bioarabak ("Bioheroiak") sustatutako gizarte-berrikuntzako proiektuaren edizio pilotuan parte hartu duten ikasle-taldeek protagonista izan diren biozientzietako proiektuen ondorioak aurkeztu zituzten. Gainera, Blanca Guerrero Ocejo Arabako Hezkuntza Ordezkariaren eskutik saritu zituzten.

Bioheroiak, Araban Hasiz

Proiektua biozientzietako ikerketaren mundua Arabako haurrei hurbiltzeko beharretik sortu da, ikasleen ikerkuntzarako interesa sortu eta sustatzeko.

Proiektu honek aukera ematen die Arabako ikastetxeei Bioaraba buru duen ekimen batean parte hartzeko. Ekimen horrek Arabako Hezkuntza Ordezkaritzaren konplizitatea eta ikastetxeetan duen trakzio-boterea ditu.

Azken batean, masa kritiko bat sortzea lortzen da, etorkizun hurbilean eta epe ertainean biozientzien arloan ikertzaileen garapena indartzen laguntzen duena.

Bioheroien eskola-taldeak proiektu zientifiko txikien bidez parte hartzeak eragin positiboa du herritarrengan; izan ere, parte hartzeko prozesuaren bidez, biozientziak eta metodo zientifikoa hurbiltzen zaizkie ikusle eta parte diren ikasleei, hezitzaileei eta familiei, parte hartzen duten umeei laguntzean.

Jardunaldiaren itxiera Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko alkateordeak eman zuen, eta amaiera bikaina Marian García Fidalgo Bioarabako zuzendari zientifikoak eman zuen. Hark eskerrak eman zizkien bertaratutakoei ekitaldian parte hartzeagatik eta profesionalei Bioarabako Ikerketa eta Berrikuntzako XX. Jardunaldietan izan duten inplikazioagatik.