Mª José Almaraz eta Alberto Meléndez, Araba ESIko Zainketa Aringarrien Unitateko medikuak, irakasle Bolivian

Bolivia herrialde handi bat da; milioi bat kilometro karratu baino gehiago ditu, gutxi gorabehera Espainia eta Frantziaren gainazalari dagokiona. Han 10 milioi pertsona bizi dira, gutxi gorabehera, Andaluziako biztanleak baino zerbait gehiago. Nazio anitzeko herrialde horretan, 30 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira eta dozenaka etnia bizi dira elkarrekin.
Joan den uztailean, Mª José Almaraz eta Alberto Meléndez, gure ESIko Zainketa Aringarrien Unitateko Atalburuak eta Mediku Ondokoak, Bolivia bisitatu zuten. Bidaia hori, izaera turistikoa galdu gabe, irakasle-jarduera batzuekin osatu zuten, «Zainketa Aringarrien Boliviako Aliantzak» gonbidatuta.
Nola iritsi zitzaizuen gonbidapen hori?

Mª José Almaraz

Almaraz.- Beno, guk oso harreman berezia dugu Boliviarekin. Harreman hori dela eta, herrialde horretako zainketa aringarriei lotutako osasuneko hainbat profesional ezagutzen ditugu.

Meléndez.- Bai, gainera, Zainketa Aringarrien Espainiako Elkarteko (SECPAL) lehendakariorde gisa, Latinoamerika guztiarekiko harremana lehenesten ari gara. Hala, ekitaldi horietan parte hartzearena gure oporrak antolatzen ari ginela erabaki zen.

Zein ekitalditan hartu zenuten parte?

A.- Gosari-topaketa bat izan genuen Boliviako osasuneko agintariekin La Pazen, ekainaren 28an, goizean, asteazkenez. Han, zainketa aringarriek osasun-sistema publikoetan duten garrantzia nabarmentzea zen kontua. Jada arratsaldean, «Zainketa Aringarrietan eguneratzeko ikastaroa» hasi zen; 50 profesional baino gehiago matrikulatu zen, eta uztailaren 1era (larunbata) arte iraun zuen. Ikastaro horretan aurkezpena egitea egokitu zitzaigun, eta ospitaleko eta etxeko zainketa aringarriei buruzko hitzaldi bana. Inaugurazio oso xumea baina oso polita izan genuen, koru bat han zela; opari bat egin ziguten... Egia esan, ekitaldi oso xumeak izan ziren, baina, aldi berean, oso hunkigarriak.

M.- Bai, gainera, ni Boliviako telebista-kate bateko zuzeneko programa batera gonbidatu ninduten, eta han zainketa aringarriak zer diren azaltzeko aukera izan nuen, eta zuzeneko kontsultei erantzutekoa ere bai. «Boliviako Onkologiako Elkartea»k ere gonbidatu ninduen, haien hileroko bileran hitzaldi bat eman nezan. Benetan, izugarrizkoa izan zen ikustea zer kezka duten Boliviako onkologoek behar aringarriak dituzten pazienteei erosotasuneko tratamenduak eskaintzean (dela ospitaleetan dela etxean) dituzten zailtasunen aurrean. Bilera horretan egon zen Aliantzarekin, agerian geratu zen Onkologiaren eta Zainketa Aringarrien artean dagoen ezinbestezko koordinazio-beharra, eta han bertan hasi zen funtsatzen.

Nola ikusten duzue Boliviako zainketa aringarrien egoera Euskal Autonomia Erkidegokoaren ondoan? Zein ekarpen uste duzue egin duzuela? Zer ikasi duzue?

Alberto Meléndez

A.- Hango egoera hasierakoa da; alde horretatik, hemen duela ez hainbeste bizi izandakoa. Bistan denez, herrialdea modernizatze-prozesu batean dago esparru guztietan, eta zainketa aringarrietan, urratsak oraindik oso hasierakoak dira. Boliviako osasunaren garapenean, asko aurreratu da alderdi tekniko eta teknologikoetan, eta orain, gu ari garen bezala, begirada pertsonarengan eta familiarengan jarri behar dute, zientziak, bere zabaltasunean, sufrimendua arintzeko garatu duen guztia eskaintzeko. Egin dezakegun ekarpena gure esperientzia da, gure akatsak eta gure aukera onak... Eta haiengandik, egiten ari diren bidea ikastea, haien gogo bizia, komunitate-dimentsioa, hemen erabiltzen ez diren farmakoak (adibidez, metadona)...

M.- Gainera, haiek, hasierako etapan egotean, oso potentzialtasun handia dute. Herrialde pobretu baten testuinguruan, eraginkor izateko, modu autonomoan eta bere baliabideekin jokatzeko beharra duen herrialde baten testuinguruan, zainketa aringarriak aukerako tresna dira horretarako. Herrialde garatuagoetan, pertsonen eskubideekin konprometituago daudenetan, zainketa aringarrien inplementazioa zabalduagoa eta aurreratuagoa da. Eta Bolivia horretan ari da.