“Malawin izan dudan esperientzia”, Jone Amasorrain

Jone Amasorrain Urrutia hirugarren urteko egoiliarra da, Araba ESIko Pediatrian. Maiatzean eta ekainean, Malawin kanpo-errotazioa egiteko aukera izan du lanean beti bizi eta gogotsu ibiltzen den bergarar gazte honek, herrialde afrikar hartako hiriburu den Lilongwe hiriko Kamuzu Ospitale Zentralean.

Ondorengo lerroetan, bertan bizi izan duen esperientziaren berri emango digu Jonek, eta esango digu ziur dagoela noizbait Malawira itzuliko dela.

Nire ametsetako bat, betidanik, Afrikara mediku gisa itzultzea izan da. 2010eko udan Sierra Leonan bizitzeko aukera izan nuen, komunitate erlijioso bateko anbulatorio txiki batean eta udako eskola batean boluntario gisa lan egiten. Afrikara itzuli nahi nuen, hainbeste hunkitu ninduen kontinentera: ahaztua eta ezezaguna, baina bizitzaz, argiz eta itxaropenez betea.

Afrikako kontinentearekin izan nuen lehenengo kontaktua Sierra Leona astinduan izan zen; bigarrena, aldiz, Malawin. Nahiz eta bi herrialde horien historia oso bestelakoa izan, Afrikako beste herrialde askoren etorkizun tragiko berbera partekatzen dute. Gainera, oraingoan, Malawi-Salud Elkartearen medikuntza-proiektu batekin joan nintzen. Proiektua zehatza zen eta ondo finkatua zegoen, eta mediku bezala dudan alderdi berria garatzen lagunduko zidan. Denbora horretan, helduago bihurtu nintzen ni ere; ikasle garaiko arduragabetasuna desagertua zen ia, eta nire konpromiso humanitarioari ekitekoa nintzen, mediku profesional gisa.

Malawi-Salud 2008tik dago abian, programan parte hartzen duten lagunen ahaleginari eta denborari esker. Diru-laguntza publikorik jaso ez arren, urtero-urtero gainditzen dituzte aurretik zituzten espektatibak, eta gero eta ekimen gehiago biltzen dituzte. Espainiako medikuntza-programa hori elkarlanean aritzen da bertako osasun publikoarekin eta beste programa batzuekin, Estatu Batuetakoak gehienbat, eta bertako profesionalekin buruz buru egiten du lan.

“Ospitale horrek 600-1.000 ohe ditu eta 5 milioi lagun ingururi ematen zaie arreta, haurrak gehienak”

Gure taldea Pediatriako hiru egoiliarrek eta bi erizainek osatzen genuen, eta bertan igaro ditugu 2017ko maiatza eta ekaina. Gure eginkizuna Kamuzu Ospitale Zentralean lan egitea zen. Ospitale horrek 600-1.000 ohe ditu eta 5 milioi lagun ingururi ematen zaie arreta, haurrak gehienak. Lilongweko (Malawiko hiriburua) erreferentziazko ospitalea da Kamuzu.

Malawi Afrikako hego-ekialdean kokatuta dago. Natura-aberastasun handiko herrialdea da; bertan dago, esaterako, munduan bioaniztasun handiena duten ur gezatako aintziretako bat. Herrialdearen historiak, kulturak, jendeak, baobab zuhaitz zaharrek eta hizkuntzak bera herrialdea bisitatzen duen oro maitemintzen du. Gutxien garatutako Afrikako herrialdeetako bat da, baita populazioaren dentsitate handiena dutenetako bat ere: 2017an biztanleria 18 milioi ingurukoa dela kalkulatzen da, eta haurren heriotza-tasa oso altua da.

Egun bat Kamuzun

Gure eguna iratzargailuak jotzerakoan hasten zen, egunsentian, eta gosari ederra hartzen genuen, bertako ahuakate goxo batekin beti. Gure ohiko garraiobidea tuk-tuka zen; ospitaleko atearen parean uzten gintuen, eguna hasteko prest. Guretzat 15 minutu inguru ziren, baina konturatzen zara distantzia eta denboraren erronkari aurre egiteko duten era gurearen oso bestelakoa dela.

Pijama urdinak programaren zati ginela adierazten zuen; hori jantzi ondoren, gure lantokira joaten ginen, ‘Emergency Zone’ deiturikora. Bertan zeuden paziente ezegonkorrenak eta berehalako arreta behar zutenak. Lehenengoz harritu gintuena aretoaren kolorea izan zen, ertz guztiak chitenge izeneko oihal koloretsuez beteta baitzeuden. Eta hor ginen gu, baliabide tekniko gutxirekin, baina gure zain zeuden haurrei laguntzeko ilusioz beteta.

Aretoak 200 m2 zituen, eta aireztapena nahiko kaskarra zen; 30 ohe zeuden, eta 100-150 haurrez arduratu behar ginen –ohe bakoitzean 4 edo 5 haur zeuden–. Guretzako egoera guztiz ezezaguna zen. Europako edozein ospitaletan onartezina izango litzateke, baina horrelakoa da bertako errealitatea. Lehenengo eguneko inpaktua eta hurrengo egunetako bertigoa gainditu ondoren, gogotsu eta ausardiaz egin genion aurre egoerari, ahalik eta patologia gehien ebazteko eta gure ingurukoen sufrimendua arintzeko asmo irmoarekin.

Hasieran, amayi (ama) batzuek errezeloz begiratzen ziguten, ezezagunarekiko eta mzunguekiko (arraza zuriko pertsonak izendatzeko erabiltzen duten hitza) beldurragatik. Baina egunak igaro ahala, guregana gerturatzen ziren; bazekiten beren haurrak laguntzeko gure esku zegoen guztia egiten ari ginela eta beren erara eskertzen ziguten, irribarre adeitsu batekin.

Eguneroko lana gogorra zen, fisikoki zein mentalki. Egoera estresagarri eta mingarriei aurre egin behar izan genien. Gure ardura ziren ohatiletan beti zeuden haur anemiko, deshidratatu eta inkontzienteak, edo konbultsioak eta bihotz-biriketako geldialdia zutenak. Gure aretoko ia haur guztiak egoera larrian zeuden; beti gertu sentitzen zuten heriotzaren mehatxua. Gogorra da ikustea heriotza inguruan egunero presente dagoela, eta bere bizitzaren zati dela; jakiteak, baina, ez du heriotzaren mina arintzen.

Pazientzia handiarekin eta itxaropena bere begi ilun handietan islatuta, amak zain zeuden. Bere haurra hizkuntza ezezagun batean hitz egiten duten profesionalez inguratuta ikusten zutenean, zure ondoan jarri eta zain geratzen ziren. Argi zenuenean ezin zela ezer gehiago egin, dena bukatu egin zela, hor zeuden, zain... minez, errespetuz, maitasunez, apaltasunez, zain... beti zain, bizitza eta heriotza etsipenez onartzen.

Ahal genuen moduan indarra hartu eta lanean jarraitu behar genuen, baloratzeko hogeita hamar haur inguru geratzen baitziren. Haurrak etengabe sartzen ziren ospitalean; ohe batean tarte bat libre geratzen bazen, beste larrialdi batek hartzen zuen bere lekua, eta beharrezkoa bazen, leku gehiago egiten zen ohean, bosgarren haur sartu ahal izateko.

Lanaldia egun-argiaren araberakoa zen; iluntzen hasten zenean, etxera itzultzeko unea zen. Ez genuen bukatzen, haur batzuk miaketarik edo baloraziorik gabe geratzen ziren. Ez bagenituen egun hartan baloratzen, ez zituen inork ikusiko hurrengo egunera arte edo bi egun igaro arte. Haur batzuk arretarik gabe geratzen ziren, baina joateko ordua iritsi zen. Kale-argi gutxi dauden herrialde hartan, etxera itzuli beharra dago.

“Haur horiekin eta bere familiekin gaixotasuna partekatzea bizi-esperientzia zoragarria da, eta elementu triste baino elementu pozgarri gehiago ditu”

Idatzi dudana irakurri ondoren, nire esperientzia tristea izan dela transmititzeak arduratzen nau, ez baita hala izan, inola ere ez. Kontrakoa dirudien arren, haur horiekin eta bere familiekin gaixotasuna partekatzea bizi-esperientzia zoragarria da, eta elementu triste baino elementu pozgarri gehiago ditu. Haurrak, orokorrean, eta haur malawiarrak, bereziki, bizitasunez, energiaz, pozez eta ilusioz beteta daude. Une zoragarriak eta ahaztezinak bizi izan ditugu; penaz negar egin dugu, bai, baina baita pozez ere. Haur bat minetik edo gaixotasunetik sendatu dela ikusten duzunean, bere familiarekin, ospitaleko korridoreetan zehar saltoka, ezinezkoa da ez hunkitzea.

Egindako lanaren poztasun pertsonala, haur baten irribarrea, bere begietan islatzen den inozentzia eta amayiek emandako konfiantza ziren dena merezi duten haur horiengatik lanean eta borrokan jarraitzeko arrazoia.

Mediku gisa ezintasuna sentitu nuen, baliabide teknikoak eta giza baliabideak urriak zirelako. Oinarrizko sendagaiak falta ziren, proba diagnostikoak egiteko zailtasunak zeuden, prozeduretan akatsak egiten ziren edo zehaztasunik gabe egiten ziren... baina dedikazioak eta ahal duzun guztia eskaintzeak duen botere terapeutikoa egiaztatu ahal izan dut. Beharbada ez du sendatzeko balio, baina bai sufrimendua arintzeko.

Azkenik, AUOko Irakaskuntza Zerbitzuari eta Malawi-Salud elkarteari eskerrak eman nahi nizkieke, esperientzia hori bizitzeko aukera emateagatik. Eta, jakina, nire bidelagunei, esperientzia haiekin partekatzeagatik eta hain berezia izatea egiteagatik.

Mila esker guztioi, bereziki, haur malawiarrei; izan ere, orain ulertzen dut ulertzen nuela uste nuen esamolde baten benetako esanahia: ‘Eskaintzeko guztia ematen baduzu, emandakoa baino gehiago jasoko duzu’.

Eskerrik asko, Malawi, noizbait itzuliko naiz.

Lotura interesgarriak: Asociación Malawi-Salud