Pedro Mari Belakortu, Arabako Odol-emaileen Elkarteko presidentea: “Herritarren laguntza eta erantzukizuna ezinbestekoak dira aurrera egiteko”

Bolondrosek eratutako Arabako Odol-emaileen Elkarteak inolako etekin ekonomikoko helbururik ez daukala odol-ematearen beharrizana eta lehentasuna bost zabal-zabal hedatzen du.

Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroarekin ezarritako hitzarmenaren arabera, Elkartea Arabako hainbat zentrotan dago; bai modu egonkorrean (Olagibel Osasun-zentroko 4.solairua), bai unean uneko unitate mugikorretan.

Pedro Mari Belakortu Arabako Odol-emaileen Elkarteko presidentea da orain dela bi urte eta piko lehendik Zuzendaritza Batzordean hainbat kargutan egona izan arren.  Familiako baten arazo medikoa zela eta, gazteiztar horrek 1975ean eman zuen bere odola lehen aldiz, harrezkero, emaile aktiboa izan da eta beharrezkoa izan den guztietan odola eman du. Berarekin hitz egin dugu Arabako odol-emaileei eta Elkarteari buruz.

Zenbat odol-emaile daude Araban? Baliabideak nahiko dira?

“Gazteak dira odol-emateen hazitegia”

Araban beharrizanei erantzuna ematen diegu. Azken hiru urteotako datuen arabera 20.800 odol-emaile aktibo daude. Euskadin 400 odol-emate behar dira egunean, beraz, odol-emateak areagotu behar dira baita odol-emaileak ere. Gazteei tokatzen zaie ordezkapena. Beraiek dira odol-emateen hazitegia.

Noiz behar da odol-kopururik handiena urtean zehar?

Odola urte osoan ezinbestekoa da baina opor-garaietan beharrizanak areagotzen dira. Uda, Gabonak eta Aste Santua garairik kritikoenak dira.

Nolakoa da odol-emailearen profila? Nor izan daiteke odol-emailea?

30-50 urte arteko pertsonak izaten dira; gizonezkoak nola emakumezkoak. Odol-emailea izateko: osasun ona, 18 urte eta parametro medikoak eta fisikoak beteta izan behar ditu izangaiak. Horretarako, Zerbitzuko ardura duen medikuarekin  azterketa pasatu beharko dute; azterketa horren bidez, izangaia gauza den ala ez erabakiko dute.

Odol-emateak orratzekin, beldurrarekin eta zorabioarekin lotuta egoten dira… Mezua beste era batera zabaltzerik badago?

Bai, egia da, hainbat pertsona orratzen, minaren eta odolaren beldur dira.  Mezua positiboa izateko minik egiten ez duen ziztada bat dela zabaldu behar da. Bere ekarpenari esker odola behar duten pertsonei laguntza ematen dietela sinestarazi behar ditugu. Hau da, gaur zugatik, bihar, ordea, nigatik.

 Urte guzti hauetan aldaketarik izan da Elkartean?

Azken urte hauetan unitate mugikorren irtenaldiak areagotu dira; auzoetan, gizarte-zentroetan, azalera handietan kanpainak egiten ditugu. Kide berriak lortzeko egutegi bat eratu da Bigarren Hekuntzako eta Lanbide Heziketako hainbat institutu eta zentrotan, baita Unibertsitatean ere. Koordinatzailea Isabel Vitoria da, zeregin horretako eragilea eta ardatza.

 Zeintzuk dira hurrengo erronkak eta helburuak?

Geroari begirako erronkak hauexek dira: batetik, egungo aktiboari eustea, bestetik, odol-emaileak mantendu eta talde hori  handitzea. Era berean, ahal den neurrian odola lortzeko kanpainak areagotzea eta odol-emaile bakoitzaren urteko odol-emateak handitzea, urteko odol-emate bat gehiago emanez.

Uste duzu etorkizunean odol artifizala baliatuko dugula enbor-zeluletatik lortutako beste organoekin gertatuko omen den bezala?

Aurrerapenak aurrerapen, etorkizunean odol artifiziala izatea oso bidezkoa da. Egun, ordea, ez da posible eta herritarren laguntza eta erantzukizuna ezinbestekoak dira. Elkarren menpean gaude.

Batzordeko kide guztiei urte osoko lana eskertu nahi diet. Elkartearen zati garrantzitsua da. Bide batez, Araba ESIko profesionalak odol ematera animatzen ditugu; txikia bezain garrantzitsua den erantzukizun-jarrera hori oso beharrezkoa baita.