OncoSafety, kimioterapia tratamenduetan erroreak saihesteko Araba ESIko teknologia berria
Martxoan, OncoSafety teknologia ezartzen hasi zen Araba ESIko Eguneko Ospitale Onkologikoan. Medikamentuen emate segururako aplikazio informatikoa da, eta arrisku handiko tratamenduetan erroreak gertatzeko aukerak murrizten ditu.
Programaren garapena erizaintzak gidatu du, eta Farmaziako Zerbitzuaren laguntzaz eta bi urtez Araba ESIko zein Erakunde Zetraleko Informatika Zerbitzuekin lankidetzan aritu ondoren gauzatu da azkenean.
Osakidetzako sareko lehen ospitale eta Estatu mailako hirugarrena da Arabako Unibertsitate Ospitalea lantresna hau ezartzen. OncoSafety-k preskripziotik ematerako prozesua informatizatzen du, une oro pazientearen eta medikazioaren trazabilitatea ahalbidetuta. Behin onkologoak edo hematologoak medikazioa elektronikoki preskribitu dutenean, eta farmazeutikoak egoki balidatu duenean, informazio hori erizaintzara iristen da. Bertan, farmaziatik jasotako medikamentuak eta jarraibideen arabera eman behar direnak bat datozela egiaztatu ondoren, ontzat ematen dute, sistemak bere tabletetan (PDA) kargatu dezan.
Behin tratamendua ontzat emanda, bera ematen hasi ahal izateko, ezinbestekoa da hurrengo urratsei jarraitzea:
1.- Pazientea zalantzarik gabe identifikatzea, bere identifikazio-eskumuturrekoaren bidez.
2.- Eman beharreko medikazioa identifikatzea, preskripzio programan esleitu zaion barra-kodearen irakurketa eginda.
3.- Infusio-bonba eta pazientea dagoen boxa identifikatzea, dagozkion kodeak irakurrita.
4.- Tratamendua emango duen erizaintzako profesionala identifikatzea, profesionalen txartel elektronikoa irakurrita.
5.- Tratamendua emateko bidea aukeratu eta identifikatzea.
Behin identifikatuta, sistemak, wifiz, medikamentua emateko agindua bidaltzen dio paziente bakoitzari esleitu zaion infusio-bonbari, eta jarraian, parametroak bigarrenez egiaztatzeko eskatzen du. Sistemak profesionalaren izenaz sinatzen du automatikoki, eta tratamenduaren hasiera zein bukaera orduak jasotzen ditu. Informazio hori guztia sistemara itzultzen da, eta paziente bakoitzaren historialean jasota geratzen da, era horretan transkripzioan gerta litezkeen giza-erroreak saihestuta.
Hurrengo urratsa teknologia berri hau Onko-Hematologiako ospitalazioko solairuan ezartzea izango da, eta horri esker, solairuan zein Eguneko Ospitalean kimioterapia guztia sisteman honen bidez ematen duen Estatuko lehen ospitale publikoa izango da AUO.