Telemedikuntza BGBKren zerbitzura

BGBK duten pazienteentzako telemonitorizazioko eta telelaguntzako TEKI programa pilotuak 3 urte beteko ditu laster. Aldi horretan, 30 paziente artatu dira, eta horiek hautatu zituzten programan sartu aurreko urtean behin edo gehiagotan ospitaleratu zituztelako gaixotasuna larriagotzeagatik.

Kontuan hartuta zein den biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren (BGBK) prebalentzia eta eboluzioan klinikoki okerrera egiten duen aldiak (larriagotzeak) direla-eta ospitaleratzea beharrezkoa dela, teknologia hori aukeratu zen paziente horiek kontrolatzeko. Patricia Sobradillo pneumologoak eta Marian Segura erizainak kudeatzen dute zerbitzua.

Paziente bakoitzaren etxean, Kinecten beharretara egokitutako telebista instalatu zuten, datu klinikoak egunero bidaltzeko eta galdetegi bati erantzuteko. Pazienteak pulsioximetroaren bitartez igortzen ditu tenperaturari, bihotz-maiztasunari eta O2 asetasunari buruzko datuak. Horrez gain, besoekin egiten diren bi ariketa-mota egiten ditu egunero, mugimendua bereizten duen teknologiak zuzenduta eta kontrolatuta.

Ospitale honetan, monitorizazio-zentro bat dago, eta pazienteak artatzen dituzten profesional guztiek erabil dezakete.

Datuak pazientearen etxetik monitorizazio-zentrora bidaltzen dira. Datuen arabera, alarma klinikoak sortzen dira, eta horiek baloratu egiten dira beharrezko erantzun klinikoa emateko. Etxean bertan jardun daiteke, edota lehen mailako arretako medikuarengana edo larrialdietako zerbitzura bideratu.

Programa horren bidez, larriagotzeak murritz daitezke horiei aurrea hartuz, datu klinikoak denbora errealean eskuratzen dira eta.

Programa pilotu horren emaitzak oso onak izan dira. Lehen urtean, % 60 murriztu zen ospitaleratze-kopurua; ospitaleratze-egunen kopurua 485etik 105era igaro zen (% 78 txikiagoa), ospitaleratze bakoitzeko batez besteko egonaldi 7,4tik 4,9ra aldatu zelako. Eta hori guztia lortu zen pazientea etxean kontrola daitekeelako alta eman ondoren. Laburbilduz, pazientea gutxiagotan ospitaleratzea eta egoera ez hain larrietan gertatzea lortu da.